GARA Euskal Herriko egunkaria

Elkarteen balioa


Etxeko egongelan lasai eserita zirela, «lortu dugu» oihukatu zuten milaka euskaldunek, 1980ko maiatzaren 14an, Martin Zabaleta hernaniarrak eta Pasang Temba xerpa nepaldarrak Everesteko gailurra egin zutela ikusi zutenean. Etxeko goxotik mugitu gabe, nola ausartu daiteke norbait «lortu dugu» esatera? Erantzuna sinplea da, helburu bera dugunok elkartzen garenean eta bakoitzak bere lekutik bere hondar aletxoa jartzen duenean, bere sentitzen du lorpena, gailurra norbanakoek egin arren, garaipena kolektiboa baita, eta hori ulertzeko eta sentitzeko modu bakarra konpromiso boluntarioa da.

Sekulako garrantzia du auzolanak eta lan boluntarioak muturreko indibidualismoa gailendu den garai hauetan. Elkarteen izaera asanbleario eta parte hartzailea sustatzeak berebiziko garrantzia du, orain arte modu kolektiboan eta irekian egiten ziren ekimen sinpleenen antolaketa ere enpresa pribatuen esku utzi baita. Oroitzen dut 90eko hamarkadan gaztetxeak indarrez itxi eta haien ordez udalak kontrola zitzakeen “gaztelekuak” eraikitzen hasi zirenekoa. Kalean edozer antolatzeko araudi zorrotzak ezartzen hasi ziren, eta aisialdia kudeatzeko enpresa pribatuak nonahi sortu ziren. Ez dira instituzioak elkarteen gainbeheran eragin duten bakarrak, guztiak eragiten du, baina adibide argigarria da, giltza erakunde publikoetan eta enpresa pribatuetan ez dagoela azaltzeko. Gakoa elkarteak dira.

Larunbatetan GARAk argitaratzen duen “Gaur8” astekarian, Groseko Indarra surf elkartearen inguruko artikulua argitaratu zen. Honela zioen Eneko Aizpuruk, lehendakariak: «Saiatzen gara gure surf elkartea ez mugatzen kirolera soilik; gizarteak dituen erronka horietan gure hondar-ale txikia jartzen. Guretzat garrantzitsuak diren baloreak bultzatu nahi ditugu. Euskararen aldeko jarrera, parekidetasuna, inklusioa... Gure amalurra zaindu eta errespetatuko duen eredu baten alde egiten dugu, euskal izaera eta kultura bultzatu eta babestuz».

Ez dut esango, etxeko besaulkian lasai eserita, hitz hauek irakurri ostean «lortu dugu» oihukatu nuela, baina bai, donostiarra izan gabe, Groseko Indarra surf elkarteko kide sentitu nintzela. Izan ere, surf munduan beti izan dute indar handia enpresa pribatuek eta haien kontura bizi diren surflari profesionalek, eta haiek proiektatu dute surfaren irudia gizartean. Indar handia dute, botere guneetan daude, eta ezer esaten ez duen gehiengoaren babesa dute, baina egiaz, gutxi dira. Surflarien gehiengoa itsasoaz gozatu nahi duten kirolari amateurrek osatzen dute, eta haietako asko elkarteetako kideak dira. Garai batean Euskal Herriko mendizaleak ezagunak ziren munduan, eta balore jakin batzuei lotuta ikusten zituzten atzerritarrek. Gauza bera gertatzen zen euskararekin, gure hizkuntza, komunikazio tresna izateaz harago, balore solidarioekin lotzen zuten kanpotik begiratzen gintuztenek. Hori galtzen ari da, baina ez da guztiz galdu, eta ahal den neurrian eutsi egin behar diogu. Horretarako tresna eraginkorrenak baloreak sustatzen dituzten elkarteak dira. «Antolatu, antolatu eta antolatu», esan zuen norbaitek.