JUN. 19 2025 MOBLAND Mafiaren bihotzean Gaizka IZAGIRRE HERNANI Badira zenbait ikus-entzunezko lan sortzaileen edo aktoreen izenak aipatze hutsarekin ikusteko gogoa pizten dutenak; “MobLand” horietako bat da. Guy Ritchie da zuzendarietako bat, eta pantailan Tom Hardy, Helen Mirren, Pierce Brosnan eta Paddy Considine bezalako aurpegi ezagun eta indartsuak ageri dira. Londresen drogen trafikoa kontrolatzeko borrokan ari diren bi familien arteko liskarrak, Harrigandarrak eta Stevensondarrak, kontakizun nagusiaren motorra piztuko du. Sakonki ezagutuko duguna eta protagonista Harrigan familia da: Harry Da Souza (Tom Hardy), Kevin (Paddy Considine), Bella (Lara Pulver), Eddie (Anson Boon), Seraphina (Mandeep Dhillon) eta familiaren buruak diren Maeve (Helen Mirren) eta Conrad (Pierce Brosnan) izango dira kideak. Eddie-k, gazteenak, eragingo duen liskar baten erruz, familien arteko borroka basati bat piztuko da. “MobLand” mafiari buruzko fikzio klasikoetatik aldentzen saiatzen da. Ohiko kontakizunek krimen antolatuaren erromantizazioa egiten duten bitartean, pelikula honek eguneroko negozio zikinak eta indarkeria esplizitua erakusten ditu. Alde horretatik ez da 70eko hamarkadako mafia giroko kontakizunetatik edaten duen proposamena; ukitu garaikideagoa du, umore beltz apur bat, eta zenbait unetan Guy Ritchieren estetika bereziaz blaituta dago Generoaren ohiko kodeetatik aldentzearen asmo horrek ez du beti funtzionatuko: argumentua ez da bereziki berritzailea, zenbait egoera eta azpitrama sinesgarritasunaren mugan dabiltza, eta pertsonaien sakontasunean ere desoreka nabari da. Argi-itzalak ditu, baina lehen mailako entretenimendu duinaren eredua da. Sofan eroso eseri eta bizpahiru egunetan gozamenerako bidelagun ezin hobea bihurtuko da.