JUN. 21 2025 LASA ETA ZABALAREN SENIDEEN AURKAKO KARGEN URTEURRENA Tolosako hilerrian duela hiru hamarkada esan gabe geratu zirenak Axun Lasak 30 urtez gorde du etxean Antton bizilagunak idatzitako poema. Tolosako hilerrian irakurtzekoa zen 1995eko ekainaren 21ean, Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren gorpuak berreskuratzeko momentuan, baina Ertzaintzaren kargek galarazi zuten. «Inork ez du ezer esateko?», galdetu du Joxeanen arrebak. Ezkerrean, Tolosako hilerriko eszena, kargak hasi aurretik. Goian, hilkutxak Hondarribira iritsi zirenekoa. Behean, Maria Jesus Arostegi eta Feli Artano, Lasa eta Zabalaren amak, Espainiako Auzitegi Nazional aurrean. (Javier GALLEGO-Andoni CANELLADA | EGIN-KUTXATEKA) Beñat ZALDUA Hogeita hamar urte betetzen dira gaur, 1995eko ekainaren 21ean Ertzaintzak Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren sendien aurka Tolosako hilerrian kargatu zuenetik. Axun Lasak, Joxeanen arrebak, ez du dagoeneko «exijentzia eta deskalifikazioen mundu horretan sartzeko gogorik», baina urteurrenak zauria irekitzen du. Hiru hamarkadaren buruan, irudiak are ulergaitzagoak dira. «Fetxa hauetan beti akordatzen gara, eta ni, pertsonalki, aurten bereziki hunkituta nago gai honekin, zeren itxi ezin den gai bat da». Lasa eta Zabala 1983ko urrian bahitu zituzten Baionan. Donostiako La Cumbre jauregian torturatu, Alacantera eraman, beren hilobiak eginarazi eta bertan hil zituzten, ondoren gorpuak kare biziarekin estaltzeko. Handik hamabi urtera jarri zizkieten Busot-en topatutako bi gorpuei Joxi eta Joxeanen izenak. Atsedenik ez senideentzat, ordea. Hilkutxak Hondarribira iristean, ertzainek, guardia zibilek eta polizia espainolek kargatu zuten bertaratutakoen aurka. Eta, behin Tolosako hilerrian, senideak eta gertukoenak bakarrik zeudela, beste behin oldartu zen Juan Maria Atutxa sailburuaren agindupean zegoen Ertzaintza. Polizien karga haiek, hilkutxa eta lore sorten artekoak, euskal gatazkaren irudietako bat dira. Itxi gabeko zauriaz mintzatzen da Axun Lasa, baina amorru biziarekiko distantzia jarrita. Zauriaz bai, baina ez zauritik. «Ez daukat ja animorik esateko ‘begira zer egin zenuten’, baina nahi nuen zerbait atera». Gogoratu, duela 30 urte jazotakoa ahaztu ez dadin. Eta edertasunetik gogoratu ahal bada, hobeto. Joxeanen arrebak beti eskura izan du hamarkada hauetan Antton auzokide eta lagun handiak Tolosako hilerrian irakurtzeko idatzi zuen poema. Ez zuen irakurtzerik izan orduan, baina handik egun batzuetara eman zizkien eskuz idatzitako lerroak. «Originalak gordeta dauzkat, hori-hori eginda, berak emandakoak. Niretzat izan dira oso gauza kuttuna; beti dauzkat hemen bistan». Altxor bat, egun beltz bat argitzeko. Ondoko orrian irakur daiteke. BI BERTSIO, IRUDI BAT Hogeita hamar urte igaro direnean, ordea, galdera bizirik dago: zergatik oldartu zen Ertzaintza senideen gorpuak 12 urteren ondoren lagunartean berreskuratzeko zorian zeudenen aurka? Zer zeukaten buruan? Hain izan ziren gogorrak irudiak, eta larria gertatutakoa, ezen Atutxak eskutitza bidali baitzien Lasa eta Zabalaren gurasoei hurrengo egunean, 2015ean ‘‘Deia’’ egunkariak ezagutzera eman zuenez. Ez barkamenik eskatzeko, ezta akatsik onartzeko ere, ordea. Gertatutakoagatik «samin sakona» eta «tristura erraldoia» agertu eta gero, poliziaren jarrera zuritzera jo zuen orduko Barne sailburuak: «Benetan esaten dizuet momentu bakar batean ez genuela pentsatu ez nik, ez sail honek, ezta Ertzaintzak berak ere, egoera modu horretan garatuko zenik». Beste pasarte batean, aginduak betetzen aritu zirela azpimarratuz hau zioen: «Gure betebeharrekin konplitzea ez zen batere erraza izan atzo, eta are gutxiago, atsegina». «Zuen abokatu Iñigo Iruin jaunaren eta Ertzaintzaren agintarien jokaera eraginkorrarengatik izan ez balitz, ondorioak askoz ere larriagoak izan zitezkeen», errematatu zuen Atutxak. Bestelakoa da Iruinen bertsioa, ordea, abokatuak GARAri 2023an emandako elkarrizketa baten arabera. «Gaur egun oraindik ere ulergaitza iruditzen zait Ertzaintzaren jokabidea. Carlos Bueren epailearen agindua garbia zen eta ez zuen interpretaziorik behar. Behin Joxi eta Joxeanen gorpuak Hondarribira eramanda, senideei eman behar zizkieten. Hitzez hitz zioen: «Hágase entrega». Ertzaintzak, ordea, Hondarribiko aireportuan Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen agindua desobeditu zuen, eta hilerrian «entrega berriz atzeratu zen, tentsio gehiago sortuz, eta azkenean, Ertzaintzak senideen eta gertukoen kontra kargatu zuen. Gertatutakoaren irudiek euren kabuz hitz egiten dute». Barne Sailaren lehenengo bertsioak zioenaren arabera, pertsona batek polizia bati arma hartzen saiatzean hasi ziren kargak. Bigarren bertsio batean, buruzagi polizial batek bere burua senidez inguratuta ikustean eta hauek hilkutxak ateratzen hasi zirenean hasi ziren kargak. Iruinek eta bertan zeuden guztiek biak gezurtatu dituzte urte hauetan guztietan. 3325 plakako buruzagia korrika iritsi zen, hilkutxak ateratzen ari zirenean, autoak ixteko aginduz. Orduantxe oihukatu zuen hiru aldiz: «Kargatu, kargatu, kargatu». 3325. Ia bi hamarkada beranduago plaka bera agertu zen Ertzaintzaren beste eskandalu batean, agente bera izan baitzen 2012an Iñigo Cabacas hil zuen operatiboko burua. Min hauek bizirik diraute. «Poema hau ez zen irakurtzerik izan, eta horrek arduradun batzuk izan zituen. Inork ez du ezer esateko?»; hori galdetuz bukatu du Axun Lasak, gertatutakoak gogoratzerakoan. Zauritik hitz egin ez arren, zauriak hitz egiteko moduak topatzen dituelako beti. Joxean Lasa eta Joxi Zabalari azken agurra Olerki hau Lasa sendiaren auzokide eta lagun handi Anttonek idatzi zuen 1995ean, Tolosako hilerrian Lasa eta Zabalaren gorpuak berreskuratzeko momentuan irakurtzeko asmoz. Ertzaintzaren karga ulertezinek galarazi zuten, ordea. 30 urte beranduago, argia ikusten du lehen aldiz. “Izarren hautsa egun batean bilakatu zen bizigai”…..Hantsi sakon batekamaren erraiak urratu zituenhaur minetanetamundura emekijauzi huan.Bular epeletikdastatu huanmama goxoa,beso arteanmagal zabaleanlo etsiak hartu hinduen.Seaskaren kulunkanhaur kantakdantzatu hitueneta ia ohartu gabemutil koxkorbilakatu.Oraindik galtza motzetaneskola bideanbelaunak urratu hituan.Goiztiargazte egin hintzenamaren begietankuttunen artetik kuttunena hintzen.Hire begiradalotsatia Joxan, irrifar zintzoazjazten huan.Hire mintzoakJoxi,pozkaioz blaitzen zianlagunarteko solasa.Bihotz minbera huan Joxi,bihotz biguna Joxan,herriminak jo hinduangau ixileandeserriratu hintzen. Eta halako bateanotso beltzaklapurtu ziangaztetasuna.Madarikatzen diat,mila bider madarikatzenegun hura. Non hago Joxi?zein larretandirau bizirikhire anima Joxan? Mintzo hadi lasaiez hadi kezkadenok hemen gaudekhartzak atseden.Loreak ekarri dizkiagu,hemen dituk gurasoakhemen dituk senideakhemen dituk lagunakhemen gaituk herkideak.Hago lasai Joxanhartzak atseden JoxiInork ez dik hutsik egin nahi izan!Hago lasai! Kontaigukzer kolore dik zuen zeruak?urdinez margotu diagu guk.Etzekiat,txuria, gorria…etzekiat. Kontaiguk,gogoratzen al haizipuin haietazeta hik galdetze huannortzuk zirenipuinetako pertsonaiaketa orainzuen zeru goianjolastu al haizBasajaun, Tartaro eta lamiekin?Mari anderearen adats horiekin? Kontaigukzelan dituk Lizardi eta Xalbador?Maitemindu al duk Lazkao Txiki?Zer ziok Telesforok?Argala ikusi al duk?“Txikiak” ere hor nonbait behar dik izan.Goraintziak Txirritari! Sua eta UraJoxi eta Joxanura eta suaJoxan eta Joxi.Egun hauetansuaren gainetikdantzatuko diaguur berritik edango diaguSan Joan San Joanuda etorrieta negua Joan. Eta gure azken hatsaemango duguneanzuen arteanhartu gura genuke atseden.Agur Joxiagur Joxanazkenegun handirarte. ARDURAK Joxean Lasaren arreba Axunek ez du «exijentzia eta deskalifikazioen mundu horretan sartzeko gogorik», baina urteurrenarekin batera, «itxi ezin den gai bat» dela gogoratzen du. «Poema hau ez zen irakurtzerik izan hilerrian, eta horrek arduradun batzuk izan zituen», esan du. CABACAS 1995eko ekainaren 21ean Tolosako hilerrian Ertzaintzaren kargak agindu zituen buruzagi polizial bera izan zen, 17 urte beranduago, Iñigo Cabacas Bilbon hil zuen operatiboaren burua.