GARA Euskal Herriko egunkaria

LABek uste du abalek diru publikoa esku pribatuetan jartzen dutela

LABek atzo deitutako mobilizazioa, Sabin Etxearen aurrean. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

LABek Lakuako Gobernuari exijitu zion etxebizitzak erosteko abalen lerroa bertan behera uztea. Sindikatuak uste du neurri hori EAEko Bizitza Legearen aurka doala, eta diru publikoak esku pribatuetan amaitzen duela salatu zuen. Horrela aldarrikatu zuten Sabin Etxearen aurrean sindikatuko hogei bat kidek, «2015eko Etxebizitza Legea urratzen duen» dekretuarekiko ukoa erakusteko.

«Langileak pobretzeko arrazoi nagusietakoa bihurtu da etxebizitza; sarbidea geroz eta zailagoa da, eta EAJk eta PSEk nahiago izan dute merkatu pribatua elikatzeko politikak eta eraikuntza enpresei begirako neurriak proposatu, errotik arazoari erantzun baino. Prezioak jaisteko berehalako neurriak behar dira, baita parke publikoa handitzeko ere, baina parkea ezin da soilik etxe berriekin osatu. Dagoena mobilizatzeko neurriak behar-beharrezkoak dira», azaldu zuen Endika Perez Ekintza Sozialeko arduradunak.

Adierazi zuenez, aurkeztutako neurriekin EAJk eta PSEk egin nahi dutena da «eraikitze prozesu berri bat martxan jarri» eta horrekin «eraikuntza enpresei dirua eman». Perezek azpimarratu zuen «eredu horrek porrot egin duela eta beste norabide batean hartu behar direla erabakiak». Sindikalistak gehitu zuen Gazteria Sailak bideratutako 40 milioiko abalen lerroak, Finantza Institutuaren eskutik, etxebizitzaren erosketa sustatuko duela, alokairu sozialerako zuzentzea edo etxeen birgaitzea sustatu beharrean. Horregatik, «dekretua bertan behera uzteko» eskatu zuen LABek, baina Sailetik jaso zuen erantzuna ez da izan euren gustukoa: «Esan digute lerro hau ez dela etxebizitza politikaren parte. Eskandalu hutsa da».

«Hemen eskupekoak jaso eta dirulaguntzetatik bizi direnak banketxeak, eraikuntza enpresak eta higiezinen patronala dira, eta horri amaiera eman behar zaio. Etxebizitzen funtzio soziala lehenetsi behar da, eta harekin negozioa egiteko aukera mugatu. Hor egin behar da ahalegina eta hor hartu behar dira premiazko neurriak. Gazteak emantzipatzeko dirulaguntzek errentadunen eskuetan amaitzen dute, eta, era berean, gaur onartuko den abalen lerroa banketxeei diru publikoaren transferentzia egiteko erabakia da. Suari gasolina gehiago botatzea da; merkatuko prezioek igotzen jarraituko dute, eta banketxeek, langileen hipoteken bidez gehiago aberasten», salatu zuen.

Halaber, LABek etxebizitzarekin negozioa egiteko aukerei mugak jartzeko eta bere funtzio soziala lehenesteko proposatu dituen neurrien artean, Perezek aipatu zituen «prezioak jaistea eta parke publikoa handitzea, baina ez soilik etxe berriekin osatuta». «Eta horretarako, etxejabeei eta higiezinen patronalari onura fiskalak eta eskupekoa eman baino, presio fiskala igo behar zaie, parke publikoa mobilizatu, maizterren eskubideak babestu eta, batez ere, premiazkoa dena, prezioak jaisteko politika eraginkorrak sortu», aldarrikatu zuen.

Azkenean, EAE osoa tentsio gune izendatzeko eskatu zuen sindikatuak, «baita prezioen indizea berehala publikatzeko ere», Nafarroan egin zen bezala.