JUL. 11 2025 BBK LIVE Eguraldia eta publikoa bero Kobetamendin Lehen protagonistak etxekoak izan ziren, Eider Saezi eta Miruari egokitu zitzaien BBK Live 2025eko ekitaldia irekitzea. Ordu bertsuan, oholtza banatan eta bero handiarekin ekin zioten bi proiektu gipuzkoarrek. Jendea pixkanaka bertaratu zen, ohikoa den eran, eta Pulp, Michael Kiwanuka edota Ca7riel & Paco Amoroso izan ziren gaueko izarrak. Ezkerretik eskuinera, publikoa pozez zoratzen dantzan, Michael Kiwanuka, Eider Saez, Mirua eta entzuleak adi-adi jaialdiaren logoa atzean dutela. (Aritz LOIOLA | - I. G.FOKU) Iker GURRUTXAGA Ordu eta zazpi minutu berandu ireki zituzten Bilbao BBK Liven 2025eko edizioko ateak. Horrek ordutegi guztiak aldatzea ekarri zuen lehen unetik, eta artistei ere modu batean edo bestean eragin zien gertaerak. Dena dela, publikoa gogotsu sartu zen Kobetamendiko eremura, eta jarrera horri oholtza gainekoa gehituta, hasiera dotorea eman zitzaion, gorabeherak-gorabehera. Pepe DJa 17.00etarako hasita zegoen Basoan bere musika jartzen, puntual-puntual, eta langileek eskertu zuten hori. Basoko itzalpean bero sapari aurre egiteko modua bazegoelako. Musika goxoa lehen uneetarako. Negutegian, Johnny Walker oholtzan, 18.00etan hasi zen Eider Saez lazkaotarraren emanaldia. Eiderrek jarrera bikainarekin eman zion hasiera bere emanaldiari, behar zena baino 45 minutu beranduago hasi arren. Kazetarion aurrean hasi zuen emanaldia, «aukeratu beharra zegoelako, 45 minutu jo ateak zabaldu berritan edota emanaldi laburragoa eskaini. Eta horrelako plazetan, aprobetxatu beharra dago. Egiari zor, lagun eta familiakoak Whatsapp mezuak bidaltzen ari zitzaizkigun, iritsiko ote ziren edo ez jakiteko, baina azkenean iritsi dira eta pozik gaude horrekin». ‘‘Ez espero ezer nigandik’’ singlearekin ireki zuen emanaldia Eider Saezek. Bera zuriz eta beltzez jantzita eta taldekideak arropa zuriz goitik behera. ‘‘Nola aldatu gara?’’ diskoari izena ematen dion abestia etorri zen atzetik, kantu goxoa, baina zer pentsatua ematen duen horietakoa. Hirugarren abesti batez gozatzeko parada ere izan genuen oholtzaz aldatu aurretik, nahiz eta ez geratu bere ondoan, kantuak esaten zuen moduan. MIRUA, LABUR BEZAIN EDER Miruakoak hasita zeuden beren emanaldia eskaintzen Eider Saezenetik mugitu garenerako. Bigarren oholtzan, San Miguel deiturikoan, laukotea ‘‘Miruenea’’ aurkezteko prest zen, eta parean fandom dezentekoa zuten. Itzalaren balioak badakigu laguntzen duela halako egunetan, baina itzalpean zeuden ikusleak ez ziren ikusle soilak, Miruaren zaleak zirela esan genezake. Iritsi ginenean, nabaritu genezakeen Repsol oholtzan ere hasita zeudela Raya Diplomatica taldekoak, Javi Navarro zinemagilearen taldea. Baina horrek ez zion itzalik egin Miruari. ‘‘Zazpiak bat’’ kantuarekin iritsi ginen. Une horretan, Mattin Zeberiok bertaratuei esplikatu zien zergatik zegoen eserita eta zer ziren oinetan jantzita zituen zapatak. Izan ere, diskoa aurkeztu zigutenean kontatu ziguten moduan, Leturiaren eskola jaso zuen, eta hark esanda bezala, bere zapata propioak josi ditu tolosarrak zuzenekoetarako. Tapia eta Leturiaren moldaketa hori egin ostean, Hofe igo zen oholtzara. Gauean berandu izan zen Iruinerrikoaren txanda, Ca7riel & Paco Amoroso bikoarekin kontraprogramatuta, baina horrek ez zion eragin, Miruakoekin ‘‘Loreak mendian’’ kantua zuzenean abestu zuen. Diskoan parte hartu zuen, eta zuzenean ere publikoak eskertu zuen Hoferen agerpena, ezbairik gabe. Publikoa bero zegoen, dantzan, abesten. Eta «Gora Euskal Herria askatuta!» oihu egin zuenik ere topatu genuen jendartean. Euskal folklorearekin, berrikuntzak bai, baina halako mezuek ere oraindik tokia dute, eta beharrezkoak dira globalizatuagoak diren musika jaialdietan ere, nahiz eta publikotik etorri. ‘‘Lau begi eder’’ singlea etorri zen atzetik. Ordurako subgrabeen indarraz gozatzen ari ginen, eta perkusioak zuzenean egiten duen ekarpena ere argi eta garbi erakutsi zuten. Esan zuten zuzeneko indartsuago bat eskainiko zutela bira honetan, eta ez dute horretan hutsik egin. ‘‘Morroxko’’ kantuarekin arin-arina dantzatu zuten oholtzan Malentxo Zeberio eta Maitane Iruin taldekideek, eta jendartean dantza librean aritu zenik ere ikusi ahal izan genuen. ‘‘Salda badago’’ triki-pop ereserkiarekin eman zieten bukaera, sekulako alaitasunarekin itxi zuten emanaldia, eta txalotzeko moduko jarrera izan zuten, nahiz eta emanaldia eskaini behar zutena baino laburragoa izan. Ez dago zalantzarik, talde honek Euskal Herriko plazak dantzan jarriko ditu uda honetan. VIVA HINDS! Madrilgo banda da Hinds, bikoa izatez, baina oholtzan jende gehiago biltzen duena. Ordu aldaketak eraginda, guztia hankaz gora jarri zen, baina zuzeneko dotorea eskaini zutela esan daiteke. Diskoan baino jarrera oldarkorragoa dutela ere aipatu beharrekoa da, askok naifegiak direla esan izan duelako. ‘‘Coffee’’ kantuarekin iritsi ginen haien emanaldira, eta segidan, ‘‘Just Like Kids (Miau)’’ kantua eskaini zuten. Kantua aurkeztean, hitzetan beren bizipenak aipatzen direla esan zuten, industriako gizonak kritikatzeko abestia zela. Eskerrak behin eta berriz eman, eta publikoari jator izaera eman zieten. «Cuantos más novios tenemos más queremos a nuestras amigas, porque son las que se quedan ahí», bota zuten, ‘‘The bed The room The rain and you’’ abestiaren atarian. Pulp taldeari ere keinuren bat egin zieten, abestiren batekin, baina kontzertua laburtu izanagatik ere egin zuten aipamenik. ‘‘Girl, so confusing’’ Charli XCXen ahizpatasun kantuaren moldaketa eskaini eta ‘‘En forma’’ hit-arekin agurtu ziren. Kiwanuka, Pulp, Judeline… izarrak geratzen ziren oraindik. NAIZen duzue haien berri. Publikoa bero, dantzan, abesten. Eta «Gora Euskal Herria askatuta!» oihu egin zuenik ere topatu genuen jendartean Pulp-i keinuren bat egin zion Hinds-ek, abestiren batekin, baita kontzertua laburtzeagatik aipamenik egin ere