JUL. 12 2025 Interview Igor Zulaika EH Bilduko Nazioarteko Harreman eta Politika legebiltzarkidea Gasteizen «Kurduen prozesuak gurearekin paralelismo handiak ditu» PKK gerrilla kurduak armagabetze prozesuaren hasiera irudikatu zuen atzo, esanahi handiko ekitaldi batean. Bertan izan zen Igor Zulaika, EH Bilduko Nazioarteko Harreman eta Politikako kidea eta legebiltzarkidea Gasteizen, eta gertatutakoaren berri eman zion GARAri. (GARA) Ainara LERTXUNDI PKKren armagabetze prozesuaren hasieraren lekuko izan zara. Nola joan da? Sekulako ekitaldia izan da. Komunikazioa erabat adostuta eta lotuta zegoen. Megafoniatik irudirik edo bideorik ez egiteko eskatu digute, sare sozialetan zabaldu ez zitezen. Bi hedabide egon dira, Kurdistango ANF Firat News eta Turkiako TV8 telebista katea. Kurdistango gizarte zibilarekin batera eseri gaituzte. Gerrillariak Yasana deritzan kobazulotik jaisten hasi dira. Kokapen historikoa da, kobazulo horretan altxamendu bat izan zen 1925ean. Agiri bat irakurri dute, turkieraz eta kurdueraz. Ondoren, banan-banan, armak soinetik kendu eta sutan jarri dituzte. Bertan zegoen jendeak, txalorik edo adierazpenik ez egiteko agindua zuen arren, gerrillariak txaloka hartu ditu eta Ocalanen askatasunaren aldeko oihuak bota ditu. Joan direnean ere txaloka hasi da jendea. Euskal Herrian egon zen armagabetzearen aldean, nolabaiteko antzekotasunik edo paralelismorik ba al da? Prozesu bakoitza mundu bat da, hori guztiok oso argi dugun zerbait da. Baina egia da kurduek aurrera eraman duten prozesuak Euskal Herrikoarekin paralelismo handiak dituela. Esaterako, gaur Bakerako eta Gizarte Demokratikorako Taldeak irakurri duen adierazpena herri kurduari eta nazioarteko komunitateari zuzenduta zegoen. Ikusi eta bizi izan dudanak gogora ekarri dit ETAren armagabetze eguna Baionan, bereziki errelatoaren inguruan dagoen bataila kontuan harturik. Bi narratiba eraikitzeko saiakerak daude. Batetik, batzuk PKKren urratsa gutxietsi nahi dute eta «galdu» egin duela islatu, baina ekitaldian beste gauza bat ikusi dugu; bere herriarekin konpromisoa duen eta aurrepauso bat egin nahi duen antolakunde bat ikusi dugu. Paralelismo horretatik, Euskal Herriko prozesua nolabaiteko eredua izan dela ondorioztatu daiteke? Ez nintzateke horrelakorik esatera ausartuko. Baina mugimendu kurduak ondo ezagutzen du Euskal Herrian egindako prozesua, eta gurea bezala, gainerako bake prozesuak ere inspirazio gisa erabili dira. Guztiok begiratzen dugu besteek zer egin duten, elkarrengandik ikasteko. Ziurrenik, haiek gure prozesutik ikasi dute. Baina egin dutena haien eredu propioaren araberakoa izan da. Nola baloratzen duzu nazioarteko komunitatearen jarrera? Egun nazioarteko komunitatearen jarreraz hitz egitea oso zaila da, argi eta garbi gelditu baita estandar bikoitza duen komunitatea dela. Gaur hemen ordezkaritza garrantzitsu bat elkartu gara. Baina egia da oso epe laburrean egin dela deialdia eta Europatik etorritako hautetsi bakarrak Alemaniako bat eta ni neu ginela. Niretzat garrantzitsuena da Turkiaren aldetik jada positibotzat hartu daitekeen erantzun bat egon dela, eta hori da, hain zuzen ere, nazioarteko komunitateak bultzatu behar duena, Turkiak mugimendu honi erantzun positiboa ahalik eta lasterren ematea, alegia. Nola baloratzen duzu bakearen alde PKKk egin duen urrats hau, egungo gerra eta genozidio testuinguruan? Irakurri duten testuan, zazpigarren paragrafoan, aipatzen duten bezala, mundu mailan areagotzen ari den faxismoaren eta zapalkuntzaren eta Ekialde Hurbilean gertatzen ari den odolustearen aurrean, herri kurduak bakea are eta beharrezkoagoa ikusten du, berdintasunean, askatasunean eta demokrazian eraikitako eszenatoki bat eta bizitza bat lortzeko. Gaurkoa sekulako pauso garrantzitsua da norabide horretan. Guretzat oso garrantzitsua zen gaur hemen egotea, gure babesa helarazteko eta hautatu duten bide honetan beraien alde egongo garela adierazteko. Kurdistandik zer-nolako mezua luzatu nahiko zenuke? Hiru gauza nabarmendu nahiko nituzke. Batetik, garrantzitsua da Abdullah Ocalanen askatasuna ahalik eta lasterren gauzatzea. Bigarrenik, Turkiako Legebiltzarrean martxan egon beharko litzateke Kurdistanen etorkizuna negoziatzeko batzordea. Eta, hirugarrenik, preso politiko guztien askatasuna oso garrantzitsua izango litzateke. KONPROMISOA«Bere herriarekin konprometituta, aurrerapausoa eman duen antolakundea ikusi dugu Kurdistanen»