JUL. 13 2025 BILBAO BBK LIVE Gitarrak eta pop izarrak Bilbao BBK Liven itxieran Bezperako euri eta tximista jasaren ostean, lainopean baina gogotsu igo zen berriz jende andana Kobetamendiko hitzordura. Pop izarrak eta gitarrak nagusi, azken egunean. Janus Lester, Nagusia oholtzan bikain, eta negutegian, Malko eta Viva Belgrado energia deskarga. Kylie Minogue eta Nathy Peluso izarrekin bukatu zen aurtengo edizioa. Janus Lester oholtza gainean. (Aritz LOIOLA | FOKU) Iker GURRUTXAGA Indiea, popa eta musika beltza aurtengo BBK Liven nagusi izan badira ere, larunbatean gitarrek izan zuten beren espazio eta protagonismoa. Malko taldeak ireki zuen azken eguna negutegian, 2023an elkartu eta Gaztea Maketa Lehiaketa irabazi zuen taldeak. Aspaldiko proposamen rockeroena maketa lehiaketa irabazten, gitarrak eta Maddi Arlanzonen ahotsa baitira protagonista nagusiak proiektu horretan. Kantu berriak aurkezteko baliatu zuten emanaldia, eta lehen hiru abestietatik bi berriak izan ziren. Bi deskarga indartsuren ostean beste pausa bateko hirugarrena etorri zen, gitarra garbietan hasi eta behetik gora egiten duen abesti batekin. ‘‘Bigarren pertsonan’’ azkar bat etorri zen atzetik, ‘‘Esan ez direnak’’ lehen diskoko abestia. Dinamikekin asko jolas egin zuten kontzertuan, intentsitatea neurtuz, gora eta behera ibiliz. Pop rockera gerturatzean ere elektrizitatea maite dutela argi geratu zen. Publikoko bat gerturatu zen halako batean oholtza azpira eta denak aurreratu zituen taldeari babesa ematera. Sukena taldekoak ere bertan ziren herritarrei babesa ematen. JANUS LESTER, LEHEN POP IZARRA Janus Lester etorri zen segidan; V formazioan sei musikariak eta bera erdian, errefortzuekin atzokoan, Izaro Erdialdeko Amerikan baitago. Piramide moduko bat zuten oholtzan, hiru solairukoa. Olatz Salvador tekletan eta koruetan, Mikel Santxez baxuan eta Ekain Elortza bateria jotzen. A zer nolako hirukoa. ‘‘Minutuak’’ kantu mumfordianoa etorri zen bigarren tokian. «Plazera da oholtza nagusia zabaltzea», esan zuen Pinatxok. Probokatzaile aurreratu zen une horretan eta publikoarekin konektatu zuen lehen istantetik. ‘‘Su argitan’’ dantzagarria jotzen ari zirela, Jokin kontzentratuta, irribarrez eta gozatzen ari zela ikusten zen; nabari zen plaza handia zuela atzokoa. «Egin dezagun borroka beti erasorik gabeko festibalen eta festen alde eta egin dezagun oihu Palestinaren alde», egin zuen aldarri Berako musikariak. Akustikoa lepora eta ‘‘Lore’’ publikoari elkarrekin abesteko eskatu zion. Disko berria zabaltzen duen ‘‘Nola hartu arnasa’’ etorri zen segidan, falsetearen erabilera bikainarekin, eta hor aurkeztu zuen Olatz Salvador, bere zatia abestu aurretik; eta bikain abestu ere! Ederra unea. Banda ere neurrian une oro, koru ederrak eginez. Bertsio berezia prestatu zutela aipatu zuen segidan, lehen abestietako batena, plazetan aldarrikatu duten mezu hori Kobetamendin ere zabaltzeko. A zer polifonia “Ez gaitzala loak harrapatu” kantuaren bertsio akustikoaren errepikan. Lehen zatiaren ostean, gainera, beste indar bat hartu zuen kantuak. «Oihu txiki bat hemendik antzoki txiki, taberna eta aretoen alde, haietan sortzen direlako hemen gauden proiektuak, izan gu, Carolina Durante, Nathy Peluso edota Damino David», bigarren aldarria egin eta ‘‘Dap Dap’’ jotzen hasi zirenean mugitu egin behar izan genuen. EKAITZA ETA BAREALDIA Viva Belgradoren txanda negutegian, jende asko zutela, karpa goraino beteta. Kordobako taldea sekulako indarrarekin sartu zen oholtzara; Candido Galvez eszenatokiaren alde batean, Cris G. Sanchezi, taldeko baxu-jotzailea den eta aurten sartu den emakumezko taldekide bakarrari, zentralitatea utziz. ‘‘Una Soga’’ eta ‘‘Cerecita Blues’’ etorri ziren aurreneko tokietan. Publikoa bero, propio hauek ikustera etorri zenik ere bazen. Hasi eta bukatu, geratu gabe jotzen zituzten abestiak, akopleen soinuekin lan ederra eginez horretarako. Gora egin zuen emanaldiak ‘‘Chéjov y las gaviotas’’ kantua ematean, pogoa gero eta gertuago nabari zen. ‘‘Gemini’’ etorri zen atzetik eta efektuekin jolasean ibili zen Galvez, garbiaren eta zikinaren mugan, abiadura handian. Ahots prozesatuek oso ukitu berezia ematen diote abestiari. Barealdia segidan, ‘‘Jupiter and Beyond the Infinite’’ abestiarekin. ‘‘Por la mañana, temprano’’ abestian momentu unisono ederrak eta break dotoreak entzun ostean, ‘‘El cristo de los faroles’’ kantuarekin publikoa ero moduan saltoka eta abesten hasi zen. Fandome dezente zegoen eta adin tarte zabala zuten inguruan, gainera. ‘‘Un relato’’ kantuarekin oholtza agurtu genuen. Kontzertutzarra. A zer hasiera atzokoak. Azken bira honetan ohiko izan duten bezala, ‘‘The Office’’ telesaileko musikarekin abiatu zen Carolina Duranteren kontzertua. Oholtzan ere nabari zen azken urteotako bilakaera: bulego oso bat irudikatzen zuen atrezzoa, eta ohi baino musikari gehiago. Mahaietako batean, Palestinako bandera zabalik. Publiko artean ere beste bat bazen. Herrenka atera zen Diego, makulu bakarrarekin, NAIZ Irratiari kontatu zionez, «oraindik ezin duela salto egin ez ahazteko»; azkar ahaztu zuen, ordea. Berriki egin diote hankako ebakuntza eta, hala eta guztiz ere, mantendu egin dituzte orain arteko kontzertu gehienak, eta beste hainbeste egingo dute udakoekin. Azken diskoko aurkezpen abestietako batekin ireki zuten emanaldia: ‘‘Joderse la vida’’, Bilbon lehen aldiz milaka ahotsek abestu zutena (aurrekoan ehunka izan ziren, Santana 27 aretoan). Askotariko ahotsak eta ahoak, gainera. Profil ezberdinetako kuadrillak leku berean elkartzea lortu zuen taldeak. Lauzpabost abesti energikoren ostean, kafe makina baten parean itxaroten baleude bezala, oso goiz altxatu zirela esan zuen Diegok. Kafea hartzen ari zen itxura egin zuen jarraian, eta mugimendu espidikoz abestu zuen ‘‘Tomé café’’. Ebakuntzaren ostean lehen astea zuela ibiltzen kontatu zuen, eta agur bat bidali zion medikuari, ez baitzekien zertan ari zen, oholtzan alegia. «Kontatu behar da... 1,2,3,4!» esan eta Cayetano lehertu da. Hortik aurrerako guztia festa handi bat izan zen. Sparks, L’Imperatrice eta gaueko izar handiak, Kylie Minogue, Nathy Peluso eta Damiano David. Aurreko urteetan baino lasaiago egon den arren, eta, euriak euri, dotore joan da Bilbao BBK Liven 2025eko edizioa. «Oihu txiki bat hemendik antzoki txiki, taberna eta aretoen alde, haietan sortzen direlako hemen gauden proiektuak»