JUL. 21 2025 EDITORIALA Nafarroako anbulantzien erronka txalogarria Arlo guztietan eraso erreakzionario globala dagoen garai honetan, gomendagarri eta argigarria da gaur egunkari honetan irakurgai dagoen elkarrizketa. Alberto Lafuente da elkarrizketatua, Bidean-eko, Nafarroako anbulantziak kudeatzen dituen enpresa publikoko, zuzendaria. Ekainaren 1etik arduratzen da zerbitzu horretaz, lurralde horretako osasun garraioa edo, hobeto esanda, «lekualdatzea» erabat publifikatu zenetik, eta erronka bikoitza du, kalitate handiko zerbitzua eskaintzea eta kudeaketa publikoko eredu oso eraginkorrak badirela erakustea. Hala erakutsi duen eskarmenturik ez du falta. Publifikazio horrek, alde batetik, anbulantzia zerbitzura hedatu du sorospen publikoa, osasun sistema osoko koordinazioa hobetuz. Aipatu beharra dago, era berean, Bideanek ez duela irizpide ekonomizistarik, sistema publikoaren adierazleen araberako irizpideak baizik, betiere kalitatea eta eraginkortasuna helburu eta osasun sistemaren parte izanik. Bestela esanda, zenbakiei begiratu gabe, pazienteari begirako zerbitzua da. Pazienteak eta langileak lehenesten dituena, ez baita ahantzi behar langileen prestakuntza egokiak eta lan baldintza onek zerbitzua hobetzen dutela. Badago eztabaida labain bat langileak, administrazioetako arduradunak eta herritarrak elkarren kontra jartzeko moduan proposatua eta neurri batean zenbait interes pribatuk eragina. Lafuentek gako batzuk ematen ditu, baita erronka bat seinalatu ere: «Osasun eredu publikoa hobea dela erakutsi behar dugu», esandako guztiena ere izan beharko lukeen erronka, hain zuzen. Zerbitzu publikoak ez dira doakoak, jakina, herritar guztiek ordaindutakoak eta denentzako zerbitzuak dira, eta horien ezaugarri nagusia, izaera solidarioarekin batera, kalitatea izan beharko litzateke. Batzuek ez dute horrela ulertzen, ordea, eta manipulazioa tarteko, horien aurka jarduten dute, guztien interesek ez bezala, beraienek irabazi ekonomikoa baitute helburu, eta horrekin batera fiskalitate eredu jakin bat; izan ere, fiskalitate eredua aberastasuna banatzeko tresna izan daiteke, edo gehien dutenek gehiago pilatzeko balia daiteke, zerbitzu publiko ahalik eta onenak sortu beharrean.