JUL. 30 2025 Ernairen aldarria Faisaien irlan: «Ez da Espainia, ezta Frantzia ere» Ernaiko gazteek plaka bat, ikurrina eta Nafarroako bandera jarri zituzten Bidasoa ibaiko Faisaien uhartean. Euskal Herriaren burujabetza aldarrikatu zuten horrela: «Hau ez da Espainia, ezta Frantzia ere. Ekin eta bultza askatasunera». Uhartea bihar Espainiaren eskuetatik Frantziarenera igaroko dela aprobetxatuz egin zuten ekintza. Faisaien Uhartea, atzo, Ernaik egindako ekimenaren ondoren. (Jagoba MANTEROLA ı FOKU) GARA IRUN «Hau ez da Espainia, ezta Frantzia ere. Ekin eta bultza askatasunera». Hala dio Ernaik egunotan Faisaien Uhartean kokatutako plakan irakur daitekeen mezuak. Izan ere, Irun eta Hendaia artean dagoen irla urte erdiz Estatu espainolaren jabetzakoa da eta gainerako sei hilabeteetan frantziar Estatuarena izatera pasatzen da. Ekitaldi instituzional bat egiten dute, eskualdatze hori gauzatzeko, eta, hain zuzen ere, biharko egunarekin, uztailaren 31n, egingo dute hori. Gazte antolakundeak komunikabideei atzo bidalitako ohar batean azaltzen duenez, eskumena estatu batetik bestera pasatu baino lehen zabaldu nahi zuten beren aldarrikapena. Hori dela eta, gazteak uhartera joan eta plaka eta ikurrina jarri zituzten; «uhartea ez dela Frantzia, ezta Espainia ere aldarrikatzeko», adierazi zuten. ZAPALKUNTZEZ GAINDI, INDEPENDENTZIA Sare sozialetan bideo bat ere zabaldu zuten ekimena azalduz Faisaien irlatik bertatik, eta halaxe zioten: «Hona etorri gara uharte honetan gertatzen dena gure herriak pairatzen duen zapalkuntzaren adibide garbi bat delako». Ernaiko kideek «Euskal Herriarekin jolastea» ez dutela onartuko zioten mezu horretan, herri zapaldua izaten jarraitzen duela salatuz eta independentzia aldarrikatuz. «Gurea herri zapaldua da, gurea herri okupatua da. Eta gazteok ozen aldarrikatu nahi dugu hau Euskal Herria dela», azpimarratu zuten. Ekintza hori gauzatzearekin batera, duela pare bat hilabete finkatutako hitzordua gogoratzeko ere baliatu zuten unea; «gazteok independentzia nahi eta behar dugulako, irailaren 14an Donostiako kaleak aldarrikapen independentistaz beteko ditugu», iragarri zuten. IRAILAREN 14AN, MOBILIZAZIOA DONOSTIAN Ekainean gogorarazi zuten Jon Paredes “Txiki” eta Angel Otaegi fusilatu zituztenetik 50 urte beteko direla aurten. Eta «50 urte hauetan, Euskal Herriaren askatasunaren alde borroka egin duten belaunaldiei aitortza egin, eta egungo gazte belaunaldiak Euskal Herria askatasunera eramateko indarrak batu eta bultza egin behar dutela» adieraziko dute Gipuzkoako hiriburuan, “Ekin eta bultza, askatasunera” lelopean deitu duten manifestazioan. Udako dinamika zein iraileko mobilizazioa aurkezterakoan, ideia argi bat jarri zuten mahai gainean, duela 50 urte baino lehenago abiatutako eta egun oraindik bizirik dauden oinarrizko bi aldarri daudela: Euskal Herriaren nazio izaeraren aitorpena eta autodeterminaziorako edota erabakitzeko eskubidea. Horrek ere lotzen ditu, Ernairen esanetan, bi garaiak, eta horri ere bultza egin nahi diote. «Gaur egun ziklo politiko berri baten inguruan hitz egiten badugu, da uste dugulako oinarrizko bi aldarrikapen horietan aurrera urratsak egiteko aukera daukagula». ESKUALDATZEAMunduko kondominiorik txikiena da Faisaien Uhartea; urtero uztailaren 31n egiten dute eskualdatzea, Estatu espainoletik Estatu frantsesera. Bihar egitekoa da ekitaldia.