AUG. 18 2025 EDITORIALA Keir Starmer ere, eskuin muturraren jokalekuan Mendebaldean eskuin muturraren diskurtsoa erakargarria gertatzen da herritar askorentzat, jakinekoa da. Errealitatea desitxuratuz, gezurraren gainean eraikitako segurtasun gabeziaren pertzepzioa sustatzen du, besteak beste, eta segurtasun ezaren erruduna seinalatzen du, turko-burua, eskuarki migratzailea, txiroa, betiere ahulena. Diskurtso hori faltsua ez ezik, arriskugarria ere bada, are gehiago gobernuen politikek norabide bera hartzen dutenean. Gobernu britainiarraren kasua da, Keir Starmer lehen ministroak kargua hartu zuenetik etengabe gogortuz joan baita bere migrazio politika, eta horrela, diskurtsoan ez ezik, ezartzen ari den neurriei dagokienez ere eskuin muturrak markatzen duen agenda bere egin du neurri batean. Keir Starmer Tony Blair eta Jeremy Corbyn bere aurrekoen arteko lider gisa agertu ohi zen; hala ere, badirudi lehenaren ildora lerratuago dagoela; beharbada, norabide horretan Blair baino harago. Parlamentuan bere alderdiak gehiengo osoa du; beraz, gobernu progresista bati legozkiokeen politika progresistak ezartzeko aukera zuen, kontserbadore, liberal eta batez ere eskuin muturrekoengandik aldea nabarmenduz. Guztiz kontrakoa egin du, ordea, eta horren adibide da «Agiri Zuria» delakoa, migrazio kualifikatua sustatu eta gainerakoa eragozten duena, edo Estatu frantsesarekin adostutako «Bat baten truke» ituna, migratzaileak hartzeko aukeratze prozesu bitxi eta murriztaileagoa. Gogorarazi beharra dago Gobernu britainiarreko burua ustez langile alderdi bateko edo gutxienez zentro-ezkerreko alderdi bateko kidea ez ezik, giza eskubideetan espezializatutako abokatua ere badela. Eskuin muturrak aurrera egitea eragozteko aitzakiaz, Europa osoan eskuinak egiten duena egiten du, eskuin muturrarekin lehiatu eta ezarri dituen neurriez haren diskurtsoa normalizatu. Dagoeneko bistan denez, baina, lehia horrek, giza eskubideen eta bereziki migrazio politiken arloan, irabazle segurua du, eskuin muturra. Haren jokalekuan lehiatzeak ez dirudi ez zentzudunena, ez etikoena, gezurraren eta aitortu gabeko interesen jokalekua baita.