GARA Euskal Herriko egunkaria

Noaindik hegaldiak ugaritzeko dirua jarriko du nafar Gobernuak

Lau milioi euro inbertituko ditu Nafarroako Gobernuak datozen urteotan Noaingo aireportuan hegaldi eta konexio gehiago izateko. Helburuak Bartzelonarekin lotura berreskuratzea, Andaluziarako hegaldi bat lortzea eta Europarekin konexioa izatea dira.

Nafarroako jai-zubi batean, Noaingo aireportuko panela, hegaldi askorekin. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Nafarroako Gobernuak urte anitzerako lau milioi euroko gastua baimendu zuen atzo egin zuen bileran, Noaingo aireportuko aireko konektibitatea hobetzeko helburuarekin. Lizitazio publiko baten aurreko urratsa da, datozen asteetan deituko dena eta etorkizunean lau konexio sortzea aurreikusten duena: Estatu espainoleko bi hirirekin eta Europako bi konexio berri.

Gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilari Jose Luis Arastik gobernu akordio horren xehetasunak azaldu zituen. Hala, datorren urtean 1,4 milioi eta 2027an eta 2028an 1,3 milioi euroko aurrekontua bideratzea aurreikusten du Exekutiboak. Deialdia datozen asteetan Europar Batasuneko Kontratazio Atarian lizitatuko dute.

Arastiren esanetan, «lizitazio honek Aireko Konektibitatearen Mahaian onartutako ibilbide-orriari jarraitzen dio». Honek joan den maiatzean eratu zen lankidetza publiko-pribatuko lan-eremua barne hartzen du, Iruñeko aireportuaren loturak hobetzeko helburuarekin, Nafarroako garapen ekonomikorako eta turistikorako gai estrategikotzat jota.

Mahaiak hainbat bilera egin ditu dagoeneko, eta honakoek osatzen dute: Nafarroako Gobernuko, AENAko, Iruñeko Udaleko eta enpresa sektoreko (CEN, Merkataritza Ganbera, AIN), sektore turistikoko (AEHN, Anapeh) eta unibertsitateetako (NUP, Nafarroako Unibertsitate pribatua) ordezkari nafarrek.

Estatu mailan, Nafarroako Gobernuaren interesa da Bartzelonako hegaldiei berriro ekitea eta Andaluziako hiriren batekin konexio berri bat lortzea. Bestalde, esaterako, Londres, Alemania eta Italia aztertu ditu helmuga gisa.

KONEXIOAK

Helmugak Konektibitatearen Mahaian adostu dira, eta «gizarte, turismo, enpresa eta unibertsitate interesak batzen ditu», Gobernuaren esanetan. Helmugetarako zuzeneko hegaldiak izango dira.

Aurreikuspenen arabera, Iruñeko aireportuko lau konexio berrien zerbitzua 2026ko apirilean hasiko da. Arasti kontseilariak honakoa esan zuen: «Apurka-apurka, apustu horren xehetasun gehiago ezagutuko ditugu, Nafarroako Gobernuak gure ekonomia indartzeko konpromisoari eusten baitio, bai enplegua sortzeko dakarren aukeragatik, bai gure erkidegoaren lurralde kohesioari eta kanpo proiekzioari egiten dion ekarpenagatik».

SARIAK

Aireportuen Nazioarteko Kontseiluak (ACI) Europako aireportu onenaren saria eman zion iaz Noaini, bi milioi bidaiaritik beherakoen kategorian, bai eta Europako aireportu garbienaren saria ere.

AENAren webgunean agertzen denaren arabera, Noaingo aireportutik soilik Madrilerako hegaldiak daude, goizez eta arratsaldez. Horretaz gain, udan eta Nafarroako jai-zubian Europarekin, Kanariekin eta Balearrekin lotura bakan batzuk daude.