AUG. 23 2025 KOLABORAZIOA Erakundeek eta legediak ez dute bete beraien lana Aitziber SAROBE EGIGUREN Natura kontserbazionista Eusko Jaurlaritzaren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak Piaspe parke eolikoaren eta bere ebakuazio-azpiegituren proiektuaren aurkako ingurumen-inpaktuaren adierazpena baloratzerakoan ez du bere lana bete, Azpeitiko EAJ alderdi politikoak sareen bidez kontrakoa zabaldu badu ere (2025eko abuztuaren 11n). Horren adibide argia da Gipuzkoako Lurralde Antolaketa Zuzendaritzak Azpeitiko udalerrian, Kutxaren jabegoan, meteorologia-estazio baten instalazioa interes publikokotzat deklaratzen duen ebazpena (2025eko uztailaren 28koa). Bertan hitzez hitz jasotzen da: «Azkenik, eta instalazioa landa-ingurunean eta, zehazkiago, aukeratutako lurzatian kokatzeko beharrari dagokionez, erabakigarria da, hain zuzen, etorkizunean produkzio elektrikoko errotak jarriko badira bertan, jarriko diren kokalekuan eta altueran egindako neurketa eolikoen bidez lortu beharko direla haizearen portaerari buruzko datuak». Alegia, Gipuzkoako Lurralde Antolaketarako Zuzendaritzak interes publikokoa ebatzi du, ingurumenean izango lituzkeen eraginengatik onartezina den zentral eolikoarentzat datuak jasotzeko estazio meteorologikoa. Azpeitiko Udalak ukatuko al dio Renovables Iberia PI, SLU enpresari estazio hori eraikitzeko baimena! Izan ere, energia berriztagarrien garapenerako estrategian, Eusko Jaurlaritzak lurraldearen antolaketa eta ingurumenaren babesa enpresen interesen menpe kudeatzeko nahia argi erakutsi du, lege-esparruan sortu duen anabasarekin. Oraindik onartzeke dagoen Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialean (EEBB-LPS) idatzita dago, LPS hori Lurralde Plan Partzialetan gainetik betearazlea bihurtzeko mandatua. Lehendik Tapia legeak Interes Publikotzat izendatutako proiektuak baimentzeko ahalmena udalei kendu ziela (Jaurlaritzaren mesedetan) kontuan izanda, non gelditzen da herritarren parte-hartzea energia-sorkuntza baino, energia-kontsumoaren gutxitzea eskatzen duen auzi honetan? Bestalde, energia berriztagarrien azpiegituren baimenak ingurumen eraginen baitan ematea aurreikusten da EEBB-LPSan. Baina, naturaren babesa arautzea helburu duen Eusko Legebiltzarrak onartutako 9/2021 Legea (azaroaren 25ekoa, Euskadiko natura-ondarea kontserbatzeari buruzkoa) bete ahal izateko, gainerako erakundeek ez dute tresnarik garatu, ez dago horretarako baliabiderik. Esaterako, Natura 2000 sarea osatzen duten Gipuzkoako natur balioengatik babestutako hemeretzi eremuetako bakar batek ere ez du indarrean Kontserbazio Bereziko Eremuaren plangintza. Beste hainbeste esan daiteke Gipuzkoan arriskuan dauden espezieez. Hainbat dauden arren egoera horretan, bakar batek ere ez du berariazko kudeaketa-plana indarrean. Horien artean daude hegazti nekrofagoak eta saguzarrak. EAEko Administrazio Orokorrak eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiek 2014an sinatutako EAEko batasunaren Intereseko Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko Baterako Plana urtea bukatu aurretik argitaratzeko eskaera onartu berri dute Gipuzkoako Batzar Orokorretan. Hamar urte beranduago, alajaina! Bitartean 200 metro baino luzeagoak diren aerosorgailuen instalazioa aurreikusten duten hainbat parke eoliko izapidetzen ari direlarik lurralde osoan... Ez, ez administrazioak, ezta legediak ere ez dute bete beraien lana energia berriztagarrien sustapenean. Zenbat min, lanordu eta nolako diru xahutzea enpresen maltzurkeriei (ingurumen eraginen txosten lotsagarriei) aurre egiteko. Baina oraindik ez da beranduegi. Iaz onartu zen Europar Batasuneko lehorreko eta itsasoko eremuen %20 gutxienez lehengoratzeko neurriak ezartzea helburu duen Erregelamendua (UE, 2024/1991). Helburu hori betetzeko, ezinbestekoa da babestutako eremuen artean igarobide ekologikoak sortu eta leheneratzea, 9/2021 Euskadiko natura-ondarea kontserbatzeari buruzko legearen 28. Artikuluak (konektagarritasun ekologikoaren neurriak) jasotzen duen bezala. Bada, helburu horri begira, bai, egin dezakete beren lana tokiko erakundeek: Piaspe zentral eolikoa eraiki asmo zen eremu osoa Hernio-Gazume, Izarraitz eta Pagoeta Kontserbazio Bereziko eremuen arteko igarobide ekologikoa izendatuz, esaterako. Errezil, Azpeitia eta Zestoako udalerrietako Hirigintza Plan Orokorrak aldatzea da modua. Piaspe Parke Eolikoaren eta bere ebakuazio-azpiegituren proiektuaren aurkako ingurumen-inpaktuaren adierazpenak justifikatuko luke, xehe-xehe jasotzen ditu-eta eremu horien natur balioak. Azpeitia, Errezil eta Zestoarako balio duenak EAE osorako ere balio du. Bada garaia Natura 2000 sarearen konektagarritasun ekologikoa bermatzeko igarobide ekologikoak osatu eta leheneratzeko! Legea onartuta dago (9/2021, azaroaren 25ekoa), gauzatzeko borondate politikoa besterik ez da falta. Aurretik EEBB-LPSa onartzea arduragabekeria hutsa da, Piasperen kontrako ebazpenak erakutsi bezala. Azpeitia, Errezil eta Zestoarako balio duenak EAE osorako ere balio du