AUG. 26 2025 INSTITUZIONALIZAZIOA IPAR EUSKAL HERRIAN Hirutik bi autonomia gehiagoren alde dira Ipar Euskal Herrian Eskualdeen eta Herri Solidarioen Federazioak, IFOPek egindako inkesta baten bidez, Estatu frantsesaren barneko aldaketa instituzionalak jendartean aurrekaririk gabeko sostengua duela agerian utzi du, bereziki lurraldeen aitorpen instituzional eta linguistikoari dagokionez. Ipar Euskal Herrian hiru herritarretik bi bat dator ideia horrekin. Gure Eskuk Larhun mendian egindako ekitaldia, joan den maiatzean. (Patxi BELZAITZ) Haizpea ABRISKETA BAIONA Ipar Euskal Herrian hiru herritarretik bi estatutu bereziko kolektibitate baten alde dira. Ideia horrekin bat datoz hori galdetu zaien biztanleen erdiak Estatu frantsesean. Horrela azaltzen da IFOP institutuak atzo Bastian (Korsikan) Eskualde eta Herri Solidarioen Federazioaren udako unibertsitatean argitara eman zuen ikerketan. Deszentralizazioaren aldeko jarrera nagusi dela erakusten du ikerketak, bai eta Estatu frantsesaren administrazioaren menpe daude herrien kultura, hizkuntza eta erakunde mailako errekonozimenduaren alde. Erakunde, lurralde antolakuntza eta hizkuntza arloan, autonomia eta aitortza handiagoaren aldeko iritzia dute biztanleen erdiek baino gehiagok, batzuetan bi herenak izatera iritsiz. Ipar Euskal Herrian, esaterako, %62 estatus berezia duen komunitate bat sortzearen alde daude. Estatu mailan, biztanleen %71k Estatu frantsesa estatu federal bihurtzea nahi dute, eskualdeen boterea indartuz. Zifra %55era jaisten da galdera espresuki autonomia egoerari buruzkoa denean. Korsikako autonomiaren (%51) edo euskal erkidego baten (%50) aldeko iritziak egonkor mantentzen dira. HIZKUNTZEN AITORPENA Hizkuntza gutxituei dagokienez, inkestatutako Ipar Euskal Herriko herritarren %91 horien aitorpenaren alde dago. Estatu osoan, ideiak %77ko atxikimendua du. Ipar Euskal Herrian %71k euskararen koofizialtasuna nahi dute, eta %66k, derrigorrezko irakaskuntza eskolan. Gainera, parte hartzaileen %74k uste dute udal hautetsiek euskaraz mintzatzeko gai izan behar dutela. Komunitateen eta Estatuaren arteko harremanari buruz galdetuta, Ipar Euskal Herriko herritarren %70en aburuz, lurraldeek ez dute botere nahikorik, eta frantsesen %68k partekatzen dute iritzi hori. Inkestatutako ia guztiek, Ipar Euskal Herrian zein Estatuko gainerako herrialdeetan ere (%91 eta %90) Estatua tokiko errealitateetatik oso deskonektatuta dagoela uste dute. «MODUS VIVENDI» BERRIA Xabi Larralde EH Baiko kudeatzaile instituzionalak «Bosgarren Errepublikaren eta bere erakundeen krisiaren aurrean, Estaturik gabeko nazioekiko modus vivendi berri bat» behar dela aipatu du ikerketa honen harira. Haren esanetan, Ipar Euskal Herriak instituzionalki eboluzionatu behar du bere asmoei erantzuteko. «Estatus instituzional berri baten eta euskararen koofizialtasunaren aldeko dinamika politiko sendo baterako» baldintzak betetzen direla uste du. Batera herritar plataformak maiatzaren 10ean Ezpeletan egin zuen birfundazioko batzar nagusia, bide horretan mobilizazio fase berri bat abiatuz. Aurretik, abenduan, autonomiarako proposamen zehatza aurkeztu zuen EH Baik. KORSIKAN Korsikan, are nabarmenagoak dira Estatuko biztanleekiko aldeak. Korsikaren autonomia-egoera eta derrigorrezko irakaskuntzarako laguntza %76ra iristen da. François Alfonsi, Eskualde eta Herri Solidarioen presidentearen iritziz, zifra hauek «parlamentari guztiak beren arduren aurrean» jartzen dituzte, uhartearen autonomiari buruzko eztabaida hurbiltzen ari denean. «Lurralde antolaketa birpentsatzera bultzatzen gaituen gehiengoaren dinamika bat dago. Deszentralizazio eskaria ez da soilik ekintzaile erregionalistena, baizik eta alderdien gaindi eta belaunaldien arteko eskakizuna bilakatzen ari da», esan du François Krausek, IFOPeko Politika eta Albisteak saileko zuzendariak. IFOPInstitut Français d’Opinion Publique (IFOP) delakoak 2.000 lagun elkarrizketatu ditu Internetez uztailaren 11tik 25era bitartean. Horietatik, 500 Alsazia-Moselan izan ziren, 500 Bretainia historikoan, 500 Savoian, 504 Korsikan, 534 Ipar Euskal Herrian, 500 Ipar Katalunian eta 518 Okzitanian.