AUG. 29 2025 EDITORIALA Adierazpenei jarraituko dieten ekimenen zain Lakuako Gobernuak atzo hasi zuen urte politikoak ez dakar berritasun aipagarririk, Imanol Pradales lehendakariak esan zuenaren arabera. Alderdiekin bilera sorta bat egiteko asmoa iragarri zuen, autogobernua eta ekonomia ardatz izango dituena, batzar horietan alderdiak estatus berriaren inguruan egiten ari diren negoziazioen berri jakin nahi baitu. Gainerakoan, bertako eta nazioarteko hainbat gai hizpide, ez zuen bere Gobernuaren ekimenik iragarri. Osasun Ituna jarraitzeko moduko eredu gisa aipatu zuen lehendakariak, hainbat eragile politiko eta sindikalen ustez huts egin duen hori; beraz, beharbada eredu horri jarraitzea ez da egokiena, esate baterako, «autogobernua areagotzeko estatutu itun berriaren aldeko konpromisoa» lantzeko. Subiranotasuneranzko jauzi bat egiteko engaiatua dagoela eman zuen aditzera, baina oraingoz aurrera egiteko aukerarik dagoen arakatzera mugatzen du engaiamendua. Paradoxikoki, aukera horren oztoporik handiena bere Gobernua sostengatzen duten indarren artean dago, oposiziokoetan aurkako jarrera bazterrekoa baita; hala, inoizko gehiengo politikorik handiena dago bide horretan aurrera egiteko. Gazako genozidioari dagokionez, bere haserrea agertu zuen, eta oso zuzena da lehendakariak jendaurrean herritarren sentipenarekin bat datorren jarrera erakustea. Zuzena da Europako Batasunari elkarrizketa eta negoziazio politikoaren bidea azkartzeko eskatzea, Gasteizko Parlamentuak ekainean eskatu zion bezala, baina ez zuen haragoko inolako ekimenik iragarri; esate baterako, hasteko, bere Gobernuak Palestinaren okupazioarekin lotura duten enpresekin dituen erlazioei dagokienez. Beste gai ugari izan zituen Pradalesek hizpide: immigrazioa, segurtasunaren gaineko eztabaida, Estatuko egoera politiko negargarria eta, horrekin lotuta, eskuin muturraren oldarra... Hala ere, zerbaiten falta sumatu zen haren agerraldian. Baita, beharbada, beste zerbait sobera ere, hala nola uda honetan, zenbait tokitako jaietan izandako istiluak direla-eta, EAJk EH Bilduren aurka piztu duen polemika edo kanpainari segida ematea. Hori baino ez; izan ere, gainerakoan, neurriren bat abiatzeko asmorik eza izan zen nabariena.