GARA Euskal Herriko egunkaria
HARTZ-ATZAPAR KANPAMENTUA

90eko zinema familiarraren oroitzapen lausoa


Bederatzi urteko bi haur eta mofeta bat dira euskaraz bikoiztua estreinatu den “Hartz-atzapar kanpamentua” filmeko protagonista nagusiak, eta Sebastian Sebastian izeneko eraikitzaile eszentrikoak mehatxatutako udako kanpalekua salbatu beharko dute.

Itxuraz familia osoarentzat sinpatikoa dirudien premisa horrek topikoen itsaso zabalean nabigatzen du etengabe. Istorioa oso erraz aurreikus daiteke, eta ikusleek oso erraz jakingo dute lehen unetik amaieran zer gertatuko den.

Estetikoki koloretsua eta atsegina da, baina CGIa eta, oro har, efektu digitalak, kaskarrak. Zenbait unetan narrazioaren aurka doazen eszenak daude, traba egiten dute.

Tonuak ere ez du gehiegi funtzionatzen, bereziki umoreak: txisteak oso lauak eta oinarrizkoak dira. Fritz mofeta hiztunak badu grazia apur bat hasieran, baina minutu gutxira noiz isildu ez dakien lagun astun hori bezalakoa da.

Ekologia eta adiskidetasuna ardatz dituen mezu eder bat du abiapuntu, baina gidoiaren garapena hain da traketsa eta guztia hainbeste azpimarratzen da, non azalkerietan erortzen den etengabe. Haurrak ez ditu behar bezala harrapatuko, eta helduak are gutxiago. Xarma falta zaio, bai eta sakontasun eta koherentzia narratibo handiagoa ere. Tartean, aktoreek ahal duten guztia egiten dute, baina eszenek brainstorming arratsalde hiperaktibo baten emaitza dirudite.

90eko hamarkadako zinema familiarraren esentzia ekartzen du gogora, baina bere alderdirik kaskarrenean. Maitagarri izan nahi duen filma da eta, zenbait unetan lortzen badu ere, nortasuna falta zaio; koherentzia narratibo eta bisuala ez dira behar bezala eraikitzen, eta mamia falta zaio.