GARA Euskal Herriko egunkaria

Benito Lertxundiri gorazarre, Getxo Folk-ek

Iazko azaroan esan zien agur agertokiei Benito Lertxundik. Hamarkada luzez egindako bidea eskertu nahi dio Getxo Folk jaialdiak oriotarrari. Igande honetan da hitzordua Muxikebarrin. Mikel Markez, Idoia Asurmendi, Janus Lester eta Mirua dira, besteak beste, Orioko Bardoaren hitzei ahotsa jarriko dietenak.

Benito Lertxundi Orion, joan den urtarrileko irudian. (FOKU)

Xabi Paya Getxo Kultur-eko zuzendariari otu zitzaion ideia. «Iaz jaialdiak 40 urte bete zituen eta atzerabegirakoa egin genuen. Kontuan izanda Benito Lertxundik lehenbiziko urtean kantatu zuela eta hasieratik Getxo Folk-ekin izan duen lotura estua dela, joan den urtean jakin nuenean Benito Lertxundik eszenatokira igotzeari utzi behar ziola iruditu zitzaidan tributo bat egiteko aukera zela», azaldu du.

Erretiroaren berri publikokoki eman aurretik hasi ziren Getxon hariak lotzen. «Euskaldunok badugu askotan txalo berandu egiteko ohitura, artista joan eta gero edo izarra itzali eta gero txalo jotzekoa. Zer hoberik bere errepertorio ederrari heldu eta beste batzuen ahotan jartzea baino. Nolabait berbizi, berpiztu eta are gureago egin», dio.

Kosta egin zitzaion «atrebitzea» baina behin lehen pausoak emanda, gauzak ondo joan dira. Baga Biga ekoiztetxeko kide Arkaitz Ormaetxerengana jo zuen, ikuskizunaren ekoizpenaz ardura zitezen. Lertxundiren beraren oniritzia izatea garrantzitsua izan zen hasiera hartan bientzat. Ez da omenaldi zalea Lertxundi. Ekitaldia nola hartu zuen galdetuta, hauxe kontatu digu Ormaetxek: «Benito eta Olatz &esc;[Zugasti] ezagutzen ditut, barai batean guk eraman genuen euren management-a. Baimena eskatuz deitu nien. Benitok hauxe erantzun zidan: ‘Nik ezin diot ezezkorik eman omenaldi bat egiteari; onuragarria eta pozgarria da horrelako zerbait egitea’», kontatu digu.

EMOZIOTIK

“Hunkidura kuttunak”. Hauxe da igande honetan, Getxo Folk jaialdiari amaiera emanez, Muxikebarrik hartuko duen ekitaldiaren izenburua. Emoziotik joko du, ezinbestean, hainbat diziplina bilduko dituen saioak. «Kanta bakoitzaren atzean istorio handi bat dago, eta emozionalitate handia egongo da».

«Emanaldi honek ikus-entzulea bidaia emozional batera eramango du, Lertxundiren kantuen bidez Euskal Herriko kultura, historia eta sentimenduen paisaian murgilduz. Seguru nago publikoaren %80k kantatu egingo duela, letrak buruz dakizkielako, eta konexio emozionala egongo da. Jendeari oilo ipurdia jarriko zaio, ‘hemen nago, une bakar bat da eta horren parte naiz eta horren parte izan nahi dut’ esanez. Niretzat honelako esperientzia magikoak dira lan hau zoragarri egiten dutenak», dio Payak.

Hainbat belaunaldi hunkitu ditu oriotarrak bere kantugintzarekin, eta gauza bera gertatzea espero dute omenaldian, Euskal Herriaren soinu bandan txertatuta dauden abestiak musikari eta kantari gazteen ahotsean entzutean. «Benito Lertxundik uzten duen ondarea ez dadin izan iraganean geratuko den herentzia bat, saia gaitezen orainaldiko ahotsetan ere entzuten, publiko berriengana iristen. Hau guztia berarenganako erabateko errespetuz», adierazi du Getxo Folk jaialdiko zuzendariak.

«AZIERTUAK»

Zer eman dio Lertxundik euskal kulturgintzari? «’Aziertu’ handiko gizona izan da, ekarpen zoragarriak egin dizkiona gure herriari. Benitok jakin du une eta leku egokian egoten 70eko hamarkadatik aurrera. Nik, ahozko literaturari diodan estimuagatik, bere ahotsarekin eta musikarekin egin duen berreskurapen lana nabarmenduko nuke. ‘Beretherretxeko kantoria’, ‘Jaun baruak’... ez lirateke inoiz kanta bihurtuko berarengatik ez balitz. Beste hainbat kultura daude munduan orduko poemak idatziz jasota dituztenak. Aldiz, gure kasuan, Benitori esker mendeak dituzten letra zaharrak gugan eta bizirik daude. Euskal ahozko literaturaren berreskuratzaile handienetako bati buruz ari gara. Zenbat testu berpiztu, berreskuratu eta aktibatu dituen gure gizartearen memorian... Horregatik bakarrik, ez naiz kapaz esateko nolako monumentua mereziko lukeen».

Horrez gain, «kantautore moduan egin duen lana gehitzen zaio, bere letrekin eta besteen hitzekin eta musikarekin», jarraitu du. Payaren esanetan, oriotarrak asmatu du «egokitzen aldian-aldian musikaren eta herriaren beharrizanetara. Azkenik, «bere garaian erretiratzen jakin izana» azpimarratu du. «Bertute handia da». Transmisioari eman dio garrantzia Ormaetxek. «Bere abestiak orain arte iritsi dira eta bizirik mantentzen dira. Leku askotan entzuten ditu adin ezberdinetako jendeak». Ikuskizuna ontze bidean, aurkitu dute zailtasunik. Horietako bat errepertorioa osatzea izan da. «Nola sintetizatu Benito Lertxundik herri honi hainbeste hamarkadatan egin dion ekarpena ekitaldi bakar batean? Bertigo nabarmena eragiten zigun horrek», aitortu du Payak.

ORIOTIK EUSKAL HERRIRA

«Bidaia ederra» osatu dutelakoan daude. «Oriotik abiatuko gara, ‘Orioko Bardo’ izena ez du alferrik eskuratu eta zalea denak jakingo du Nafarroatik buelta bat eman beharko dela, Zuberoara joan gabe ez dagoela Benitorik, ‘Bizkaia maite’ ez badugu Getxon entzuten ea non entzungo dugun, eta Euskal Herriaz oro har egin dituen letrak».

Behin bide-orria zehaztuta, gaur egungo musika eszenako ahotsak aukeratzeko unea etorri zen. «Lehenengo erronka zen zein letra aukeratu, eta gero ze ahotsetan jarri. Nork hartuko du ‘Baldorba’, ‘Bizkaia maite’ edo ‘Nire herriko neskatxa maite’, eta bere egin errespetuz eta mirespenez? Hori zen gure galdera. Fusio horrek ekar ditzakeen bide berriak balioan jarri nahi ditu Payak. Gaur egungo euskal musika garaikidean joan den mendeko abestiak berrinterpretatu eta moldatzeko ildoa badago, eta kreatibotik asko izango du ikuskizunak. Pospolo berezi bat piztuko da ikustean artista gazte bat Benito bezalako figura baten lanarekiko errespetu osoz heltzen eta bat-batean leiho berri bat irekitzen. Iruditzen zait oso ekarpen ona izango dela», esan du.

«Abesti batzuk apurtu egin nahi genituen estilo aldetik», nabarmendu du Ormaetxek.

Arkaitz Ormaetxe eta Jon Maya dira zuzendari artistikoak. Eta Lertxundiren kantuei ahotsa jartzen Mikel Markez, Idoia Asurmendi, Janus Lester, Mirua eta beste hainbat artista ezagun. «Ilusioz eta erronka bezala hartu dute proposamena musikari gazteek. Benitoren abestiak oso potenteak dira eta defendatu egin behar dira», dio Baga Bigako kideak.

Zortzi musikariko banda izango dute lagun: Ander Hurtado de Saratxo (bateria), Eneko Arraibi (saxoa), Markel Arevalo (baxua), Endika Basterretxea (gitarra), Amaia Miranda (gitarra + mandolina), Elisene Alzola (biolina), Nerea Aizpurua (biolontxeloa) eta Garikoitz Ortiz de Villalba (teklatua-akordeoia).

Ardatz nagusi gisa musika badu ere, diziplina anitzeko izaera du ikuskizunak. Dantza, bertsogintza, marrazkia eta bestelako arte-adierazpenek euren tokia izango dute, ikusleari esperientzia estetiko eta sakona eskaintzeko helburuarekin. Dantzaren alorrean, Kukai Dantza konpainiaren presentzia aipa daiteke, «euren estilo garaikide eta sustraituarekin ikuskizunari mugimendu poetikoa eta indar eszenikoa emango diote», aipatu dute.. June San Sebastian ilustratzaileak, bere aldetik, aurrez egindako irudiak bertan proiekzio bidez botako ditu.

Bertsorik ere entzungo da. Bat-batekoak eta bertso jarriak izango dira, Payaren eskutik. «Arkaitzek eta Jonek proposatu zidaten bertsotan aritzeko. Aukera baliatuko dut bertso bidez azaltzeko publikoari Getxok zergatik egiten dion omenaldia. Bertsolarioi zenbat ekarpen egin dizkigu... zenbat doinu eder eman dizkigu, zenbat bertsolari izan ditu letragile Benitok».

Sarrerak ziztu bizian agortu ziren. Ekitaldia grabatu egingo dute. Benito Lertxundi eta Olatz Zugasti Getxon egongo diren galdetuta, ezetz dio Ormaetxek. «Bere intimitatean gozatu ahal izango du ikuskizunaz grabazioaren bidez, ho