SEP. 13 2025 Kresalaren usaina lagun, hasi da boga boga festibala Ohitura bihurtu da agidanez Donostian aire librean egiten diren jaialdietan zerura begira ibili behar izatea, eta Boga Boga festibalarekin ere halatsu gertatu da. Miramar Jauregia galako jantzi da, eta eskaintza Easo plazara eta DabaDabara luzatuko da, gainera, asteburuan. Leon Benavente izan da lehen izen nabarmena hiru egunetatik lehendabizikoan. Goian, Saguxarreko Ane Segurolak eskainitako kontzertuko une bat. Behean, Deadletter eta Le Parody bandak euren emanaldietan. (Maddi ANDRES | FOKU) Iker GURRUTXAGA ZUBIMENDI Miramar Gauak zikloak zabaldu, eta Boga Boga festibalak ixten du nolabait ere uda sasoian Donostiako itsasertzean egiten diren musika jaialdien ibilbidea. Chillida Leku, Kursaaleko terrazak edota Ondarretako hondartza izan ditu eszenatokien kokaleku txikitik eragin nahi duen jaialdiak, eta aurten Miramar Jauregia eta Easo plaza izango dira kokalekuak. Rabaten sortu zen Azuleja izan da aurtengo edizioa zabaldu duena, folka, popa, trapa… denetarik lantzen du unibertso elektroniko esperimental batean, eta ‘‘C.R.I.N.G.E.’’ diskoa aurkeztu zuen atzo arratsaldean Donostian. Esperimentazioa eta elektronika lantzen dituen Saguxar proiektua etorri zen atzetik, Ane Segurola da honen atzean dagoen musikaria, irundarra, eta lehen lan interesgarria aurkeztu zuen atzokoan, ‘‘Sei mila urte’’. Izan ere, esan dugun moduan, txikitik eta ohikoak ez diren proiektuei ematen diete tokia Boga Boga festibalean, nahiz eta atzerriko artista interesgarri eta entzutetsuak ere iristen diren Donostiara. Rock alternatibotik edaten duen Deadletter taldea ere izan zen, nahiz eta post-punk bezala ere bataiatu izan duten. Londresko bandak lehen energia altuko dosiak eskaini zituen, bertaratuak motorrak berotzen joan zitezen. Judeline, Karmento, Rodrigo Cuevas… bada, lerro horretan edo ildo horretatik koka genezake Le Parodyk egiten duen proposamena ere, esperimentalagoa akaso; giro bitxia sortu zuen malagarrak. Gaueko protagonista nagusiak, berriz, duela ez hainbeste Jazzalditik ere pasa eta sekulako kontzertua eskaini zuten Leon Benavente taldekoak izan ziren. ‘‘Nueva sinfonía sobre el caos’’ lan berria aurkeztu zuten eta, betiko moduan, zuzenekoan sekulako taldea direla erakutsi, indiearen unibertsoan. Sorpresa, aldiz, Jacques artista paristarrak eman zigun, ezezaguna zitzaigun eta indie-pop zinez interesgarriaz gozatu genuen. Bihar eta etzi jarraituko du Boga Boga jaialdiak.