SEP. 16 2025 KOLABORAZIOA Mitoaroa II. Argia, eszena eta musika Amaia ARANZETA ZUBELDIA Ostirala, irailak 5. 19.30ak pasa iritsi nintzen Illunbera. 10.000 pertsonatik gora: zaleak, euskaldunak, kanpotarrak, familiak, gazteak, helduak eta abar. Jendetza izugarria, jan-usaina, edariak, zigarro kea tarteka, musika, dantza, kale-animazioa eta festa hasita. Eguraldi bikaina, ilunabarra, Illunbe eta autopista arteko mugalde hartan eguzkia itzaltzen zihoala. Denborak aurrera egin zuen eta 22.00ak jotzeko zirela sartu nintzen eskaileretan behera rezintoko pistara. Sartu ahala, atean peto laranja batekin zegoen mutil batek aurikularrak eman zizkidan, derrigorrezkoa zela ikuskizuna, kontzertua edo bertan aurkituko nuen hura jarraitzeko. Banekien zerbait ezberdina izango zela, baina ez show-ean bertan murgiltzerik izango nuela. Pistan sartu orduko, jendetza guzti hura sarrerako aldean pilatuta. Aurrerago lekurik topatuko ez nuela eta, bertan gelditu nintzen. Eta, bat-batean, Aitziber Garmendiaren hamar aholkuak eta «Palestina askatu» oihua ozenki. Ondoren, isiltasuna, Mitoaroa aurkezpena eta jarraian, kotxe bat (errepidean), eta Pello bere lagunekin kotxetik atera eta Illunben sartzen da. Lehen kontaktua, musika, frenesia... Eta, zerutik erorita bezala, XV. mendean dago (edo ginen han geunden denok). Eliza, mitoak, kondena, salbazioa, erregua, mina, alienazioa... Dena onartu edo ihes egin? Zer garen, nondik gatozen eta nora goazen hausnartu edo bertan behera utzi? Nor da epaile eta nor epaitua? Mitoak guztiz aldendu dira gure artetik? Edo mitologiak, historiak bezala, bertan jarraituko du gu denok hiltzen garenean? Modu sakonago eta subjektibo batean kritikaz jantzi zuten errelatoa. Ez zen kontzertu bat, ez, Mitoaroa zen eta norberagan, munduan, gure lurrean, gu garen horretan, pentsatu eta sentitzeko tartea eskaini zigun. Egia da kontsumoak, inkisizioak bezala, zapaltzen gaituela; egia da natura baztertu duela gizakiak hormigoizko eraikin eta errepide asfaltatuen izenean; egia da historiak maiz istorioak, mitoak, irensten dituela, historia idazten dutenen (garaileen) eskuetatik. Baina beti egongo da progresoa, teknologia eta biolentzia gainditzeko aukera, Zetakek eskaini digun bezala. Agian, musikak salbatuko gaitu; agian, musika izango da gelditzen zaigun hizkuntza bakarra mihia mozten digutenean. Metafora bat izan arren, asko dira momentu hauetan ere oihu egin nahian isilik irautera kondenatuak direnak. Eta zertarako? Merezi duenagatik, maite dugunagatik, izan garen eta izango garen guztiagatik: argia, eszena eta musika; bihotzera iristen dena. Poesiak bezala, han geunden guztioi zirrara berezi bat eragin zigun Zetaken Mitoaroak modu batean edo bestean. Ez, ez da kontzertu bat; definitzen zaila den zerbait konplexuagoa da. Musika uztartzen du euskal mitologiatik edaten duen bitartean, barruko sena pizten digun bitartean, beste dimentsio batera eramaten gaituela mugikorretako argiekin itzalean olatu bat sortuz. Azken mezua? 2025etik, mitoak gaur egunera iritsi zirenetik Iruñean, denboran atzera bidaia bat egin du Pellok, eta 2026an, antza, 2084. urtera salto egingo du George Orwellen “1984” liburuko distopia oinarri hartuta. Zer gertatuko ote da mitoekin, euskararekin, euskaldunokin, gure lurrarekin eta gu guztiokin 2084an? Izango al da gizakia ordura arte bizirauteko gai? Edo existentzia huts batera konprimatua izango da? Bizi ala ez bizi, zertan sinetsi, zer sentitu, zer den egia eta zer gezurra? Nork epaituko gaitu, mundua jada hor ez dagoenean? 2026ko ekainaren 19 eta 20an ikusiko dugu...