SEP. 17 2025 Intersindikalak grebarako deia egin du biharko Baionan, LABen sostenguarekin Nina MERLE BAIONA Bihar Baionan sindikatuek egingo duten mobilizazioa «masiboa» izatea espero da. Erosteko ahalmenaren, erretreten eta zerbitzu publikoen defentsa izanen dira LABek babestutako greba deialdi honen aldarrikapenak. CFDT, CGT, FO, Unsa, FSU eta Solidaires sindikatuek egin dute biharko greba eta mobilizaziorako dei hori, Mediabaskek argitaratu zuenez. Baionan izanen da, 10.30ean Santa Ursula plazan bildu eta Suprefeturaraino heltzeko. Intersindikalak «mobilizazio masiboa» izatea espero du, Estatu frantsesaren aurrekontua «itxaropenean, justizia sozialean eta justizia fiskalean» oinarritu dadin lortzeko. Mobilizazio egun honen aldarrikapenen artean hauek daude: erosahalmena mantentzea, erretreten eta laguntza sozialen izozteak salatzea, erretretak 64 urteak bete arteraino ez atzeratzea eta mehatxupean dauden zerbitzu publikoak defendatzea. «Aberatsenei zergak jaisteak eta dirulaguntza publikoetan enpresa handiek 211.000 milioi euro jasotzeak ere zorra handitzen du», salatu dute sindikatuek. «Osasun arazo larriak dituzten eta lan egitera behartzen dituzten lagunak datoz gugana. Jubilatu askok lan bati ekin behar diote jasotzen duten pentsioa ez delako nahikoa», eman du aditzera CFDT Pays Basque-ko idazkari nagusi Mercedes Gracietek.