SEP. 19 2025 Alan Smithee Gaizka IZAGIRRE Zinema kritikaria Aurreko orrian irakurri duzue Kogonada zinegileak filma estreinatuko duela. Urteetan misterioz inguratutako identitate artistikoa landu du eta bere benetako izena inoiz ez da publiko egin; ezizen hori Kogo Noda-ren, Yasujiro Ozuren ohiko gidoilariaren, omenez aukeratu zuen. Zinemaren mundua distira egiten duten izenez beteta dago, baina gutxi batzuen atzean ezizenak ezkutatzen dira: beren izena babestu nahi duten zuzendarietatik hasi eta beren burua berrasmatu nahi duten aktoreetaraino. Halakoen adibide bat da Alan Smithee. Bada, izen horren atzean ez dago ezer. Tira, egon badago: lotsa eta damua. Alan Smithee izengoiti bat da, zuzendari jakin batek bere filmaren azken bertsioa onartzen ez duela adierazteko erabilia. Hollywooden pelikula batetik bereizi nahi zuten zuzendariek erabiltzen zuten, gehienetan azken produktua kontrolatu ezin zutela sentitzen zutelako edo estudioaren erabakiek euren ikuspegi artistikoa suntsitu zuelako. David Lynchen “Dune” (1984) da kasurik bereziena: zuzendaria film honetako kredituetan agertzen bada ere, telebistako bertsioa egitea erabaki zuenean bere izena jartzeari uko egin zion eta horren ordez ‘‘Alan Smithee’’ irakur daiteke. Izengoitiaren erabilerak sortu zuen zalaparta hain handia izan zen, non parodia bat ere egin zuten: Arthur Hiller-en “An Alan Smithee Film: Burn Hollywood Burn”.