SEP. 22 2025 Erailak 27 Jon GARMENDIA Idazlea Halaxe izan zen, erail zituzten, exekutatu, eta lurperatuagatik ere, askatasunaren haizea bilakatu ziren Txiki eta Otaegi. Egun bat geroago, negarrez idatzi omen zuen Gorka Knörrek “Irailak 27” abestia, Herri Irratiak 1976an Donostiako Belodromoan antolatutako jaialdian jo zuena eta duela gutxi arte argitaratu gabe zegoena. «Errekaldian lizarra goiko mendian negarra, gaurko egunez itzali dira gure anaien biziak. Modu txarrean epaituak, frogarik gabe erailak, amorruz eta erneguz dira lehertu bihotzak. Euskal Herriak negar batean jaso notizia, gure zainetan odola hasi da irakin beharrean. Errekaldian lizarra goiko mendian negarra, gaurko egunez itzali dira gure anaien biziak. Burruka ez da bukatu ondiño, ez da bukatuko, Euskal Herria askatu artio ez dugu, ez, etsiko. Gure herri zaharrak arnas betean aurrera joko, egun batean ipar izarrak guretzat argituko». Nehoiz baino presenteago daude Juan Paredes Manot eta Angel Otaegi Etxeberria gure bazterretan, agian zenbaki biribilak eta ongi antolatutako oroimenak lortu du hori, kantuekin soilik ezin baita oroitzapena pizturik mantendu. Beste askorena bezala, bi abertzale hauen bizi borroka belaunaldi berriei transmititzea ohoratu eta oroitzeko modu ona delako, edo ahanztea bigarren aldiz erailtzea litzatekeelako.