SEP. 26 2025 Maderas de Llodion grebari eusten diote: «Ez dugu amore emango» Maderas de Llodio enpresako langileek borrokan jarraitzen dute Aiaraldeko lantegian, greba mugagabearekin eta mobilizazioekin erantzunez enpresaren kaleratzeei eta produkzioaren deslokalizazioari. «Greba da gure tresna bakarra», esan zuen Galder Barbado SOS Aiaraldea plataformako kideak atzo, NAIZ Irratiarekin elkarrizketan. Maderas de Llodioko langileen manifestazioa, joan den astean, Laudion. (Aritz Loiola | FOKU) Peli LEKUONA - Iraia CAMBRA Maderas de Llodio Aiaraldeko fabrikako langileek greba mugagabean jarraitzen dute, enpresak 39 langile kaleratzeko eta produkzioaren zati bat beste planta batzuetara eramateko asmoa iragarri ostean. «Greba da gure tresna bakarra, eta ez dugu amore emango», adierazi zuen Galder Barbado SOS Aiaraldeko kideak atzo NAIZ Irratian. Hirugarren greba eguna bete zuten atzo, eta langileek euren borondatea eta batasuna erakutsi zuten beste behin. «Hotza pasatzen ari gara, baina langileak motibatuta eta indartsu daude», azaldu zuen Barbadok. Gaineratu zuenez, «produkzioa guztiz etenda dago eta biltegia itxita». Langileen artean kezka handia dago, batez ere azken hilabeteotan eskualdean izandako beste lan-gatazkengatik. «Ez da kasualitatea; eskualdea pixkanaka desmuntatzen ari dira», salatu zuen. Guardiako lantegian gertatutakoa gogoan dute, eta beldur dira beraiek hurrengoak izango ez ote diren. Langileek astelehenetik daude greban, eta euren parte-hartzea «oso positiboa» izan dela nabarmendu zuen SOS Aiaraldeko ordezkariak. «Manifestazioak, piketeak eta mobilizazioak antolatzen ari gara egunero», zehaztu zuen. ENPRESAREN JARRERA Maderas de Llodio enpresaren jarrera kritikatu zuen: «Enpresak ez du benetako negoziazio borondaterik. Gurekin akordio batera iritsi ordez, kaleratze kolektiboa mantentzen du eta produkzioaren %40 beste toki batzuetara eraman nahi du». Horrez gain, «irailaren hasieran jakinarazi zuten dena, bat-batean eta bide arraroetatik, ez-ofizialetatik». Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak eskualdeko egoeraz egindako adierazpenek ere ez dute konfiantzarik piztu langileen artean. «Ramiro eskualdeaz hitz egiten entzuten dugun bakoitzean, promesa faltsuak entzuten ditugu», gaitzetsi zuen Barbadok. «Lehenik esan zuen itxiera galaraziko zuela, eta gero labea behar bezala itxiko zuela, baina azkenean ez bata eta ez ezer. Ez dugu sinesten. Atzo ere [asteazkenean] entzun genuen proiektu berri bat zegoela. Instituzioak eta hedabide batzuk Aiaraldea eskualde gatazkatsua izateagatik enpresak eta inbertsioak joaten ari direla saltzen saiatzen ari dira, baina guk badakigu zein den errealitatea, eta jendeak ez du diskurtso hori sinesten». Langileek ez dute uste enpresaren erabakiak justifikatuta daudenik. «Enpresa talde handi baten kalkuluetan oinarritzen dira, baina guk ez dugu inolako azalpen justurik jaso». Argi hitz egin zuen: «Enpresak kostuak murriztu nahi ditu langileen kontura. Enpresa batek etekinak ematen dituenean beraien artean banatzen dituzte; pixka bat txarto doanean, ordea, langileok ordaintzen dugu». Etorkizunari begira, borrokan jarraituko dutela azpimarratu zuen: «Guretzat gakoa da elkartasuna aktibatzea. Eskualde honek badaki zer den borrokatzea eta kalera ateratzea, eta berriz ere egingo dugu, nahiz eta gogorra izan». Hala, gaur bertan manifestazio bat egingo dute Laudioko plazan, eta mobilizazioek jarraitu egingo dute. «Ez gara geldituko gure lanpostuak eta eskualdearen etorkizuna salbu egon arte». «Kaleratzeen berria guztiz bat-batean etorri da. Uztailaren amaieran lan hitzarmena negoziatzen ari zen enpresa komitearekin, eta aurrerapenak zeuden. Baina irailaren 1ean bat-batean jakinarazi dute hau, bide arraroetatik, ez-ofizialetatik»