GARA Euskal Herriko egunkaria
THE SMASHING MACHINE

Mark Kerr-en benetako istorioa


Safdie anaiek norabide desberdinak hartu dituzte denboraldi batez, bakoitzak bere kirol-biopic propioa lantzeko. Ben Safdie borroka-arte mistoen munduan barneratu da “The Smashing Machine” filmarekin, eta bere anaia Joshua Safdiek laster estreinatuko du ping-pong jokalari Marty Supreme-ren biopica; Timothee Chalamet aktorea da protagonista.

Veneziako Zinema Jaialdian zuzendari onenaren saria irabazi du “The Smashing Machine” filmak; Mark Kerr (Dwayne Johnson) borrokalariaren benetako istorioa kontatzen du, UFCren (Ultimate Fighting Championship) sorreran funtsezko figura izan zenarena. Lanak borroka-arte mistoen mundu basatian Kerrek bizi izan zuen igoera eta erorketa meteorikoa erretratatzen ditu. Ausardiaz eta batez ere bere emazte Dawn Staplesen (Emily Blunt) laguntzaz aurre egin zion mundu horri.

Kerren azalean sartzeko, Johnsonek arte martzial mistoen entrenamendu espezifikoekin lan egin zuen; aurpegian protesiak erabili zituen, makillaje oso landua, eta ahots estilo berria garatu zuen. Aktoreak berak azaldu du rol honek inoiz pantailan erakutsi ez dituen emozioak esploratzera behartu duela: «Bizi izan dudan guztiarekin konektatzeko prest egon behar nuen, eta hori nik sekula esploratu ez dudan zerbait da, ez kameraren aurrean, ez beste inon». Safdiek asko goraipatu du Johnsonen grina, harago joateko prestasuna, arriskatzeko ausardia eta sinesgarritasuna.

BEN SAFDIE

Josh Safdie anaia zaharrenarekin batera, “Safdie anaiak” izenaz ezagutzen den bikote sortzailea osatzen du. Elkarrekin film independente txalotuak idatzi eta zuzendu dituzte.

Haien zinemak bazterrean dauden pertsonak eta muturreko egoerak esploratzeko joera du. Tentsio handia, erritmo azkarra eta atmosfera errealistak dira beren estiloaren ezaugarri errepikatuenak.