OCT. 09 2025 KOLABORAZIOA Bada Pablo GONZALEZ LOPEZ Badago erritmo bat guztion jabe dena. Erlojuaren tik-tak objektiboa baino gehiago, metronomo baten tempoa balitz bezala imajinatzen dut. Segundoak eta minutuak berdin-berdin pasatzen dira kafea hartzen ari den adineko emakumearentzat eta aldamio gainean dabilen obra-langilearentzat, baina haien metronomoa abiadura desberdinean klikatzen doa. Badaude pausatzeko eta pasatzeko lekuak ere. Haiek erritmoa markatu dezakete. Hasieran nahiko zehatzak dirudite: alde batetik, kafetegia eta parkeko bankua; bestetik, lantokia eta zebra-bidea. Baina pausa eta pasa ez dira izenak, aditzak baizik. Ekintzak dira. Pixka bat gehiago arakatzean konturatzen gara lekuak, haien pausa eta pasa, haien barneko ekintzak, egoera bat direla, guk sortutako «mood maker» izaerako mugimenduak. Horregatik ez dugu inoiz jakingo nola klikatzen dabilen langilea edo erretiratua, pozik dabilen edo triste dabilen. Badira erritmoa eteten duten egoerak ere. Kolektiboak dira askotan: atzo, txakur txiki bati begira gelditu ginen kalearen erdian, gure elkarrizketa etenez. Ez ginen espaloi horretako bakarrak izan. Agian han orekatzen gara ezezaguna den horrekiko: erritmoa etetean, partiturako isilune kolektibora iristean. Agian ez gara horren desberdinak. Badago tendentzia bat imajinaziorantz hurbiltzen dena, limite bat. Gustuko dugu imajinatzea zer ari diren egiten kafetegiko bost gazte horiek, edo tren geltokitik maletaz gainezka atera den emakumea. Haiek badute tendentzia hori ere: nire laguna zertan zebilen galdetu zuen gizonak, zerbait imajinatu ondoren galdetu zuenean, ikerlaria ikergai bihurtu zenean. Badago irakaspen garrantzitsu bat honen guztiaren baitan: inoiz ezingo dugu jakin, ezingo dugu zehaztu. Eta horretan datza erritmoaren moralik garrantzitsuena: ez dagoela. Egunen batean kafetegian urduriki itxarongo dugu, eta berehala zebra-bide erdian pentsamenduen haria galdu. Begiraleak, beste behin behatzaile bihurturik, ez dira hortaz konturatuko, noski. Eta erosketak egiten ari zela suposatu genuen emakumea bere produktuak saltzen saiatuko da, eta auzokoa naizela suposatu duen horrek suposatzeari utziko dio. Behatu egiten dugu, eta ikusten dugunak gutaz zerbait esaten du. Gure suposizioetan ezkutatzen den egia arrotz hori gure egia besterik ez da. Badago egia bat ikusitakoan, baina egia hori ikusezina da. Behatu egiten dugu, eta ikusten dugunak gutaz zerbait esaten du