OCT. 10 2025 Kedar-garbitzaileak berriro bueltan Elektrizitatearen eta erregai fosilen garestitzeak baztertuta ziruditen egurrezko sukalde eta berogailuen berpizkundea ekarri du. Eta, horrekin batera, noski, kedar-garbitzaileen lanbidearena. Tximinia garbitzeko modua asko aldatu da azken urteotan, teknika eta tresna berriei esker. (SURARTE) AINHOA AROSTEGI BILBO Mendeetan zehar, sutegia izan da etxearen bihotza Euskal Herrian, baserri zein hirietan, etxe xume nahiz aberatsetan. Suak, berotasuna emateaz gain, konpainia eta babesa eskaini die etxeko biztanleei. Familiak haren inguruan biltzen ziren. Garren argitan egiten ziren otorduak, solasak, ospakizunak… Suak eguneroko bizimoduaren erritmoa markatzen zuen, auzotarren arteko harremanak... Baina, sua segurua eta iraunkorra izan zedin, behar-beharrezkoa zen orain ia ahaztua dagoen lanbidea: kedar-garbitzailea. Kedar-garbitzaileak, herri hizkeran «desolinatzaile» esaten zitzaienak, teilatutik teilatura ibiltzen ziren eskuilak, makilak eta sokak erabiliz. Haien zeregina tximinietan pilatutako kedarra eta zikinkeria kentzea zen. Ez zen edonolako eginkizuna. Hodi garbi batek, sute-arriskua gutxituz, etxearen iraupena bermatzen zuen. Oso lan gogorra zen, zikina eta nekeza, familia xumeetako mutikoek egin ohi zutena. Dena den, kedar-kentzailearen irudia herri-iruditerian sakon finkatu zen: kalean bat ikustea, larruazala beltz, arropak kedarrez beteta, zorte onaren seinale omen zen. Berogailu eta sukalde modernoen etorrerarekin, ordea, egurra edota ikatza erabiltzen zuten tximinia tradizionalak desagertu egin ziren Euskal Herriko etxe askotatik. Hala ere, suarekiko lotura kulturalak bizirik iraun du, gizaldietan barrena eta, egun, beste forma batzuk hartu ditu. BERPIZKUNDEA Gaur, hainbat faktore direla medio, egurrezko sukaldeak nolabaiteko berpizkundea ezagutzen ari dira. Alde batetik, kozinatzeko orduan, suak ematen duen zapore bereziak bultzada eman die; bestetik, ezinbestekoa dugu gasa eta petrolioarekiko mendekotasuna gutxitzea, eta horrek energia-alternatiba jasangarriagoak bilatzeko beharra areagotu du. Elektrizitatearen eta erregai fosilen prezioen gorakadak baztertuta ziruditen hainbat sistema berreskuratzeko premia ekarri digu. Berrikuntza teknikoek haien eraginkortasuna hobetu dute, eta egurrezko sukalde modernoek, maiz bitrozeramika-gainazala edota beirazko aurrealdea dutenek, energia hobeto aprobetxatzeaz gainera, gutxiago kutsatzen dute, errekuntza geldo eta bikoitzeko sistemak erabiliz. HURBILA ETA BERRIZTAGARRIA Pelletak bilakatu dira protagonista azken urteotan. Zerrauts prentsatuarekin egindako zilindro txiki horiek, hurbilak eta berriztagarriak, egundoko gorakada izan dute. Euskal Herrian gero eta gehiago dira pelletak eta egur-ezpalak erabiltzen dituzten galdarak eta berogailuak dauzkaten baserri, landetxe eta familia bakarreko eraikinak. Sistema horiek, lehendik instalatuta zeuden berokuntza eta ur beroaren sistemak mantentzea ahalbidetzen dute, %90 inguruko errendimendua lortuz. Gainera, egurra eta biomasa ugari dago gurean, urrutira joan gabe, eta horrek zero kilometroko hornidura errazten du, kanpoko energia-mendekotasuna gutxituz, eta bertoko hornitzaileen lana sarituz. Gure etxeak eta ohiturak denboran zehar aldatu diren bezala, tximiniak garbitzeko modua ere izugarri aldatu da azken urteotan. Lan horrek teknika eta tresna berriak hartu ditu, aurrerapenak ekarritakoak, baina funtsean gauza bera izaten jarraitzen du: tximiniak eta kebideak zaindu eta horien segurtasuna bermatu. «Tximiniek, autoek bezala, mantentze lana behar dute; urtero zainduz gero, ez da istripurik izango» Lorenzo Ortiz Surarte enpresaren sortzaile eta bazkidea Surarte enpresaren sortzaile eta bazkide Lorenzo Ortizekin hitz egin dugu. Surartek, tximiniak mantendu, garbitu eta instalatzen ditu. Espezialistak dira zeregin horretan. Lorenzok (eskuinean), Jon Martinez lankidearekin batera, hamar urte baino gehiago daramatza ofizio honetan jo eta su. Nola sortu zitzaizun lanbide berezi honi ekiteko ideia? Ia kasualitatez. Nire etxean liztorrak agertu ziren behin eta erabat hondatu zuten tximiniaren hodia. Interneten ikertzen hasi eta tximinia konpondu eta garbitu nuen. Kamera bat erosi nuen barnealdea nola geratu zen ikusteko. Auzokoekin komentatu nuen eta, geroztik, laguntza eskatzen hasi zitzaizkidan, haien kebideetako kedarra eta zikinkeria kentzeko. Orduan txinparta piztu zen. Gure indarrak batzea erabaki genuen Jonek eta biok, bera harri-lanetan aditua baita, eta horrela sortu zen Surarte. Betiko lanbide hau nola aldatu da azken urteotan? Lan egiteko modua izugarri aldatu da azken urteotan. Lehen, kedar-kentzaileek teilatutik lan egiten zuten, goitik behera. Gaur, berriz, modu teknikoagoa darabilgu: plastikozko kable birakariak dauzkagu, hodiari kalte egin gabe garbitu ahal izateko; eta, behar izanez gero, metalezkoa ere bai. Ondoren, hondakin guztiak aspiragailu industrialarekin jaso, eta kamera endoskopikoekin barnealdearen egoera berrikusten dugu, dena behar bezala dagoela ziurtatzeko. Jende askok, etxe osoa zikinduko dugula sinetsita, maindirez eta plastikoz estaltzen du dena. Baina zur eta lur geratzen dira lana garbia eta azkarra dela ikustean. Ahoa bete hortz. Egungo kedar-garbitzaileek ez dugu sutondo beltzik uzten, eta batere zerikusirik ez daukagu aspaldiko irudiarekin, guztiz zikinduta zegoen langilearen irudiarekin, alegia. Jendea ohartzen al da tximinia garbitzearen garrantziaz? Ez beti. Jende askok arazoak sortzen direnean deitzen du: kea ondo irteten ez denean, kiratsa dagoenean, sute txikiak pizten direnean… Baina egokiena, inolako zalantzarik gabe, urtero berrikuspen bat egitea da. Tximiniek, autoek bezala, mantentze lana behar dute. Urtero zainduz gero, ez da istripurik izango. Zer motatako bezeroak dituzue? Batez ere landa-eremuetan eta baserrietan lan egiten dugu. Han tximinia ezinbestekoa da: beroa emateaz aparte, hezetasuna ere kentzen du, eta harrizko hormak dituzten etxeetan hori ez da ohiko berogailuekin lortzen. Horregatik daude sua udan pizten dutenak. Gainera, jende askok egurra eskuragarri dauka, eta oso merke dute tximinia erabiltzea. Esan daiteke lanbidea desagertzeko arriskuan dagoela? Inola ere ez. Hirietan gutxiago erabiltzen da, jakina, baina landa-eremuetan beti izango da tximinien beharra. Han, sua tradizioa, kultura eta beharra da, ezinbestekoa. Gainera, Europako iparraldean dagoeneko karga bakarrarekin aste osoan sua piztuta mantentzen duten egur-galdarak erabiltzen hasi dira, oso sistema aurreratuak. Hori, luze gabe, hona etorriko da. Eta badago sekula aldatuko ez den zerbait: suak berotasun eta gertutasun bitxia sortzen du, nolabaiteko magia, beste berogailu-sistemek eskaintzen ez duten lilura. Giro horren parte izatea eta arriskurik gabe funtzionatzea bermatzea oso berezia da. Ez dut uste ofizio hau gaizki elikatutako su baten moduan iraungiko denik.