GARA Euskal Herriko egunkaria
PAUL URKIJOREN «GAUA» SITGESEKO ZINEMA JAIALDIAN
Interview
paul urkijo alijo
Zuzendaria eta gidoilaria

«Konplexuena iluntasuna eta gaua irudikatzea izan da»

«Irati» filma estreinatu eta hiru urtera, plaza berean, Sitgesen, Kataluniako Zinema Fantastikoaren Nazioarteko Jaialdian, estreinatuko du gaur Paul Urkijo gasteiztarrak bere lan berria: «Gaua». XVII. mendean girotuta dago, sorgin ehiza betean, eta gaueko izaki mitologikoak ditu protagonista.

(David HERRANZ)

 

Beldurraren eta fantasiaren zaleentzat ezinbesteko santutegi bilakatu da Sitgeseko Kataluniako Nazioarteko Zinemaldia. Genero horien barruan munduko jaialdirik garrantzitsuenetakoa da, eta zinemagile askori beste jaialdi orokorretan topatzen ez duten babeslekua eta aukera eskaintzen dizkie, ikusgarritasuna ematen die. Ohiko bihurtu da Paul Urkijoren presentzia jaialdian: “Errementari” eta “Irati” bertan aurkeztu zituen, eta oraingoan “Gaua” film berriaren txanda da.

2022an «Irati» estreinatu zenuen, Sitgeseko (Katalunia) Zinema Fantastikoaren Nazioarteko Jaialdian. Hiru urte geroago, plaza berean, «Gaua» izango da Sail Ofizialean lehian. Zer moduz zaude?

Oso gogotsu nago, egia esan. Pelikulak ikusleentzat egiten ditut eta hori da azken pausoa.

Orain dela hiru urte publikoaren saria eta efektu bereziena irabazi zenituen Sitgesen. Zein harrera espero duzu oraingoan?

Hori ez dakigu inoiz, eta, gainera, esango nuke hobe dela horretan ez pentsatzea. Niretzat saririk handiena publikoari pelikula gustatzea da. Hortik aurrera, sariak edo dena delakoak etortzen badira, noski, ongi etorriak izango dira, promoziorako baliagarriak izaten direlako eta filmak nazioartean errazago bidaiatzeko aukera ematen duelako. Baina, esandakoa, hobe sarietan ez pentsatzea.

Murgil gaitezen «Gaua» filmean. Gaueko izakien mundu mitologikoa eta landa-eremuko sineskerien iruditeria uztartzen dituzu, emozioz eta epikaz betetako unibertso bat sortuz... Nola batzen dira emozioa, epika eta misterioa?

Esango nizuke zuzendari gehienok senarekin lan egiten dugula, eta niri, pertsonalki, elementu horien oreka gauza naturala dela iruditzen zait. Basatiak, ilunak edo beldurgarriak diren eszenak amodioz, edertasunez eta epikaz laguntzea beharrezkoa iruditzen zait. Tonuari dagokionez, eta oro har filmak dituen osagaiei dagokienez, alderdi historiko eta fantastikoaren artean jaiotzen diren elementuak dira.

«Errementari» filmean XIX. mendera jo zenuen, «Irati»-n VIII.era, eta «Gaua»-n, berriz, XVII. mendera, sorgin ehiza betera. Kontuan izanik efektu digitalak orain arte apenas erabili izan dituzula zure ibilbidean, nolakoa izan da garai jakin hori birsortzeko prozesua? Bide beretik jarraitu duzu?

Bai, bide beretik jarraitu dut. Euskal Herrian eta Estatu espainiarrean, beldur eta fantasiaren generoari dagokionez, ez dago industriarik. Horregatik, gauza asko guk geuk sortu behar ditugu, artisau-lana balitz bezala ia. Niri betidanik gustatu izan zait efektu fisikoak erabiltzea: protesiak, maskarak, makillaje bereziak eta abar, noizean behin efektu digitalen laguntzarekin, eta batzuetan, arazoak sortu ahala, konpontzen eta sortzen joaten gara. Nire erreferenteek beti erabili dute alderdi fisikoa: filmaren errealismoa eta benetakotasuna indartzearekin batera, ehundura berezia jariatzen dute. “Gaua”-ren kasuan, apur bat harago joan gara: filmean agertzen diren prologoa eta atalen afixak, esaterako, egurrean egin ditugu, eta zuzenean filmatu dugu hori guztia; ez da digitala. Horrela egin nahi izan dut ukitu fisiko hori aberasteko. Esfortzu handia izan da, baina guztia hain digitala den garaiotan, euskarri fisikoa aldarrikatzeko modu bat ere izan da.

Kattalin (Yune Nogueiras), Beltra (Ane Gabarain), Graxiana (Elena Irureta) eta Rene (Iñake Irastorza). Emakumeen presentzia nabarmena dago filmean. Hasieratik argi izan zenuen aktore horiekin aritu nahi zenuela?

Bai. Lehen aipatu bezala, nik normalean senari jarraiki idatzi eta diseinatzen dut, eta kasu honetan guztiz naturala atera zait. Sekulako zortea izan dut castingarekin. Protagonista, Kattalin (Yune Nogueiras), oso argi neukan bera izan behar zela; ezagutzen nuen bere lana eta zuzenean jo nuen berarengana, eta sekulako lana egin du, izugarria. Emozioz beteriko pertsonaia da: asko sufritzen du eta oso bidaia bizia du filmean zehar; fisikoki oso lan potentea izan da.

Film osoa harilkatzen duen pertsonaia da?

Hori da. Bera da ipuinetan edo ataletan agertzen den pertsonaia nagusia, azken klimaxera iritsi arte. Bere baserritik ihes egiten du, gertatu zaion egoera larri batengatik, eta basoan sartzen denean garbitoki batean hiru emakumerekin topo egingo du: Beltra (Ane Gabarain), Graxiana (Elena Irureta) eta Rene (Iñake Irastorza). Gauean elkartzen diren hiru emakume dira, trago batzuk hartu eta txutxu-mutxuak elkarri kontatzeko. Bakoitzak beldurrezko ipuin bat kontatuko du, eta Kattalinek ipuin horietan barrena bidaiatuko du. Egia esan, hiru aktore hauekin lan egiteko aukera izatea ikaragarria izan da; sekulako antzezleak dira.

Zure film guztiek zailtasun berezia izan dute filmatze lanetan. Oraingoan Euskal Herriko toki askotan, negu gorrian, euritan, basoan eta ordu txikitan grabatu duzue. Zure ibilbideko filmaketa zailena izan da?

Gauez filmatzeak zailtasun asko dakartzala agerikoa da, baina ez nuke esango zailena izan denik. Konplikatua da horri erantzutea. Sekuentzia pare batean figurante asko izan ditugu, eta hori ere ez da erraza izan. Kontua da, nahiz eta agian filmaketa lana korapilatsuagoa izan, urteen poderioz esperientzia irabazi dudala: gauzak errazago atera zaizkit, lasaiago egon naiz... Orduan, sentsazioa antzekoa izan da.

Filmaketarik zailena izan ez bada ere, izan duzu zailtasun berezirik arloren batean?

Ziurrenik gauaren beraren ikuskera irudikatzea izan da zailena; gaua nola argiztatu, zer ikusten den eta zer ez; iluntasunari bizia eman nahi bagenion, noraino ilundu erabaki behar genuen, ikusi ere egin behar delako. Konplexuena iluntasuna eta gaua irudikatzea izan da.

Donostia Zinemaldiko aurtengo edizioa «historikoa» izan da euskal zinemagintzarentzat, eta Sitgesen ere presentzia nabarmena izango du, lau euskal ekoizpen herritar egongo dira eta. Zer moduz daramazu euskaldunen arteko «lehia» osasuntsu hau?

Ez da inongo lehiarik existitzen gure artean. Sekulako poza ematen dit aurten hainbeste euskal film estreinatzen ari direla ikusteak; aurreko urteetan, zoritxarrez, ez da halakorik gertatu eta une hau bizitzen egotea eta horren parte izatea pozgarria da.

Lehen aldiz Irusoin ekoiztetxearekin aritu zara. Ondo moldatu al zarete?

Oso ondo, egia esan. Oso burugogorra naiz, eta beraiei esker ia nahi izan dudan guztia egin ahal izan dut; sekulako askatasun kreatiboa izan dut istorioa aurrera eraman ahal izateko.

Sitgesetik beste leku berezi batera jauzi egingo du filmak: Donostiako Beldurrezko eta Fantasiazko Astera. Etxekoa bezala sentitzen duzun jaialdia da?

Bai, noski. Ikusle gisa betidanik joan izan naiz. Nire filmen Euskal Herri mailako estreinaldiak bertan izan dira, eta horregatik ere oso jaialdi berezia da. Oso ondo tratatu naute beti.

Eta hortik aurrera?

Aurrestreinaldi batzuk antolatuko ditugu, eta ondoren zinema aretoetan azaroaren 14an estreinatuko da.