GARA Euskal Herriko egunkaria

Mukiziza


Atzo matahamiak egiten hasi nintzen esnatu bezain laster. Krepak. Sos batzuk biltzeko saldu nahi zituztela eta, eskaerarekin sentitu nuen harrotasunari tamaina hartu nahi izan nion. Badira goiztiriko izpiak ikusi orduko bizikletari helduta biderantz beha daudenak, modazko trekking zapatilak jantzita mendiari bestela, sukaldeak ekartzen dit plazera eta erlaxazioa niri, jakina, ez beti. Bakoitzak bere bizinahia elikatzen baitu ahal bezala, ezen, nahi bezala erratea luxuzko bihurtu da garaiotan. Juantxo Arakama hitzen jostalariak erabiltzen du Monsieur leCrêpe ezizena, eta grazia egin zidan entzun beretik, emazte izena baitu matahamiak, LA crêpe behar luke beraz.

«To the boom, to the bap, to the boom boom bap, aurrena erein eta erein, eta gero datoz uztak, eta hala ere batzuetan goxoagoak dira basoko masustak. Hartu batzuk baina gainontzekoentzako uztak! Zein kolarekin pegatzen dira nire puskak? Nola gelditu nora doan ez dakidan obus bat?». Juantxoren krepak obus gisa, nireek mukizizak ziruditela erran baitzidaten; frantsesez Trémelle gélatineuse deitzen den ziza, orain ikusgai dagoena basoan, moztutako zuhaitzen enbor zaharretan, onddo txiki gelatinatsua, zurixka, zeharrargia. Mukiziza ez dela jaten erantzun nuen, nire matahamiak bai, eta obra sozial bat zela, nahiz saririk espero ez, edo bai, gaur egun edonori ematen baitiote bat. Bakearen nobela, adibidez.