OCT. 14 2025 Blanca Joxemari CARRERE Ipuin kontalaria Blancak liburutegia hiri baten antzera irudikatu zuen, non apalategiak eraikinak ziren eta liburuak bertako biztanleak, bakoitza bere istorioekin, bere kontakizunekin, ametsekin, hitz eta pentsamenduekin. Blancak amets bat izan zuen. Hiria liburutegi erraldoia zen, eraikinak liburuak ziren eta biztanleak istorioz eginak ziren. Baziren liburu potoloak eta argalak, handiak eta txikiak, alaiak eta goibelak. Baziren bizitza argitzen zutenak eta tragediak. Kontatzea eta entzutea merezi zuten istorioak zeuden liburu bihurtutako eraikin guztietan. Eta Blancak liburutegia hiri bihurtu zuen. Blanca Calvo Guadalajarako liburutegi nagusiko zuzendaria izan da erretiroa hartu arte. Bidean hamaika ekimen bultzatu ditu, haur eta gazte literatura mintegiko kideak lagun. Guadalajarako Ipuin Maratoia da lankidetza horren seinalea. Hiria ipuin bihurtuta hiru egunez, gau eta egun herritarrak puntako kontalariekin eszenatoki berean, mundu desberdinak irudikatzen, jendarte hobeagoa irudikatzen. Blancak aldarrikatzen duen publikotasuna, hitz liluragarrietan hegan. Horregatik, Guadalajarako liburutegian omenaldi hunkigarri bat egin berri diote, eta kontalariok gure esker ona adierazi nahi diogu, gure ahotsei etxe fantastikoa eskaintzeagatik; berak dioen moduan, irakurtzen belarrietatik ikasten baita.