OCT. 18 2025 AMETSAK HEGAN JARTZEKO ZIRKUA Konakryko Fodeba Keita akrobazia eskolak egoera zaurgarrian diren ehunka gazte hezi ditu, mundu zabalerako ateak ireki dakizkien. Fodeba Keita eskolako ikasleen lan saio bat. (Patrick MEINHARDT | AFP) Eleonore SENS Gineako hiriburu Konakryko bero hezeari aurre eginez, bost gazte itzulipurdika, malabar eta akrobaziatan ari dira, perkusioaren erritmoan. Egunero, hainbat orduz, Fodeba Keita arte akrobatikoko zentroan entrenatzen dira. Mendebaldeko Afrikako zirku eskolen artean famatuenetakoa da, Gineako ehunka gazte babesgaberi ateak zabaldu dizkiona. Baliabide urriekin lan egiten badu ere, eredu da eskola: 200 ikasle ohik baino gehiagok lortu dute lana nazioarteko zirku konpainietan, hala nola Cirque du Soleil, UniverSoul Circus, Kalabante eta Circus Baobab-en. Ehun bat ikasle dituen eskola Circus Baobab-eko kide ohi batek sortu zuen, Ibrahim Bambak, eszenan “BBL maisua” goitizenaz ezagun denak eta bertan hezitako Papi Flex kontortsionistak Guinness saria irabazi zuen. Mundu osoko telebista-saioetan eta agertokietan aritu da. Etorkizun hobe baten bila dabiltzan ikasleei amets eginarazten die horrek. «Europan, Brasilen, Kanadan eta Frantzian ikusten ditudanek are lan gehiago egitera bultzatzen naute. Egunen batean nik ere hango konpainietan parte hartu nahi dudalako», azaldu dio AFPri Mamadou Saliou Diallo 26 urteko akrobatak.