GARA Euskal Herriko egunkaria

Bi erakusketa


Maroun Tomb-en bigarren banako erakusketa izan behar zuen 1947ko azaroaren 29an Haifan zabaldu zuenak. Arte ikasketak eginda zituen Tombek eta Britainiar Trenbide Konpainiarentzat lan egiten zuen bere ibilbide artistikoa sendotu bitartean. Azken horretan aurrerapauso handia izan behar zuen Haifako erakusketak. Inaugurazio egunean bertan, ordea, Nazio Batuen Erakundeak Palestinaren zatiketaren alde bozkatu zuen, Nakba izango zenari bide eginda. Handik egun batzuetara, Tomb eta bere familia erbestera behartu zituzten. Haifako erakusketaren parte ziren 53 olio-pinturak zein aurretik egindako koadroak hondamendiak irentsi zituen. Palestina berriro ikusi gabe hil zen Tomb.

“The Lost Paintings” (Galdutako pinturak) erakusketa-proiektuak Palestinako eta diasporako 53 artistari, besteak beste Tomben bilobei, 1947ko erakusketako olio-pinturen interpretazio bat egitea eskatu die. Nakbaren ondorioz galdutakoari bigarren bizitza bat ematea da helburua, errefuxiatuek hainbeste espero duten itzuleraren atariko xume gisa, eta azken hori errealitate bihurtzeko espazio bat erreklamatuta.

Zisjordania okupatuan kokaturik dagoen Palestinako museoan, bestalde, “This Is Not an Exhibit” (Hau ez da erakusketa bat) ikus daiteke. Bertan parte hartzen duten artistei lana, oroitzapenak, familiako kideak edota bizia bera ere kendu die genozidioak.