GARA Euskal Herriko egunkaria

Luze-zabala


Hendaian ikusi dut “Karmele”, Asier Altunaren azken film luzea, eta hauxe da etxera itzultzerakoan buruan dakardan galdera: Berea ote da pelikula? Egiletza bazter utzita, ondare gisa neurtu nahi baitut, eta hor argi dut gure herriarena dela, testigantza, memoria, kontakizuna... gerra deitu zitzaion diktadurak haustura anitz sortu zituelako herritarrengan, eta oraindik ere kontatu gabeko historiak daude aitortzaren kobazuloetan. Baina agerira maisuki ekarri du Altunak ahanzturak eraman ez duen garai baten erretratua, zapalkuntza ideologikoa, gorrotoa, bekaizkeria, familia, maitasuna... gehien maite duzun hori utzita ihes egin beharra. Kirmen Uriberen “Elkarrekin esnatzeko ordua” du ardatz gidoiak, baina bergararrak liburu horren kontakizunetik 10 urte baizik ez ditu egokitu filmaren egitura sortzeko, eta aukeran ikusten dituen protagonista guztietatik Karmele hautatu du, fokua berarengan jarriz. Ertz ugari dituen gaia dela ohartzeko baizik ez dut aipatzen hau, ondasunen ebasketak, eskubideen debekuak, bizitza duin baten zilegitasuna… Beldurrak eragin du beharbada, edo iraganeko mina atzean utzita etorkizuna beste modu batera bizi nahiak, baina diktaduraren zapalkuntzari mihise luze-zabala jarri zaio, ia dena estaltzeraino; eta hor, faxismoa baizik ez da indartu. Hala dabil Falangearen defendatzailea hain erraz, hemen ez bada, han. Karmele bezalako film gehiago egingo balira, ez lukete hain erraz egingo.