OCT. 22 2025 EAEko lehen sektorean %8,9k baino ez dauka web orria Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lehen sektoreko enpresen %8,9k dute web orria. Eustatek argitaratu berri dituen datuon arabera, webguneen %38,5 daude euskaraz; gaztelaniaz, aldiz, %98. EAEko lehen sektoreko establezimenduen %94k tramiteren bat egin du Internet bidez. (Gorka RUBIO | FOKU) GARA GASTEIZ Lehen sektoreko enpresen %8,9k soilik dute web orria Araba, Bizkai eta Gipuzkoan aurten, Eustat estatistika erakundeak argitaratutako datuen arabera. Hamar langile edo gehiago dituzten enpresen kasuan, ehuneko hori %34,3ra igotzen da. Hizkuntzari dagokionez, Eustatek dioenez, web orrien %38,5 soilik daude euskaraz; %98 daude gaztelaniaz; %25,3, ingelesez, eta %10,7 beste hizkuntza batzuetan. Horietan, besteak beste, enpresari berari buruzko informazio orokorra (%99), eskaintzen dituen produktu eta zerbitzuen katalogoa (%66,2) eta informazioaren pribatutasun aitorpena (%61,3) aurki daitezke. Eustatek dio lehen sektoreak teknologia berrien ekipamenduak hobetzeko joerari eusten diola; 2025ean establezimenduen %80k ordenagailua dute eta %77,1ek Interneterako konexioa. 2022an portzentaje horiek baxuagoak ziren, %77,8 eta %73,4, hurrenez hurren. Urte tarte horretan, webgunea duten enpresen kopuruak gora egin du, %7,7tik %8,9ra igo baita; era berean, merkataritza elektronikoa mantentzen duten enpresen ehunekoak ere gora egin du (%10,6tik %12,5era). GAINERAKO SEKTOREETATIK OSO URRUN Hobekuntza hori gorabehera, lehen sektorea oso urrun dago oraindik ere EAEko ekonomiako gainerako sektoreen kopuruetatik. Horietan ia guztiek dute ordenagailua (%95,8) eta Interneterako sarbidea (%95,5). Alde horiek handiagoak dira honako alderdiei begiratuta: web orriaren bidezko Interneteko presentzia (%8,9 lehen sektorean eta %55,7 gainerakoetan, batez beste), datuak elektronikoki trukatzea (%14,9 eta %60,2, hurrenez hurren) eta merkataritza elektronikoa (%12,5 eta %29,9, hurrenez hurren). Desberdintasun horiek azaltzeko, Eustatek adierazi du enpresa gehienak txikiak direla, %86,2k bi langile edo gutxiago baitituzte. Alde horretatik, tamaina kontuan hartuz gero, hamar langile baino gehiago dituztenek gainerako jarduera-sektoreen antzeko ekipamenduak dituzte, web orrietan izan ezik. Guztiek dute ordenagailua eta Interneterako sarbidea, baina %34,2k baino ez dute webgunea, eta %16,3k merkataritza elektronikoa dute. Lehen sektoreko establezimenduen %94k tramite edo zerbitzuren bat egin dute administrazio publikoarekin Internet bidez aurten. Hamar langile edo gehiagoko establezimenduak bakarrik kontuan hartuz gero, ehuneko hori %100koa da. Azkenik, establezimenduen %65,9k segurtasun informatikoko neurriren bat dute. KONEXIOAEustatek dioenez, 2022an establezimenduen %77,8k zuten ordenagailua eta %73,4k Interneterako konexioa. Aurten portzentaje horiek %80 eta %77,1 dira, hurrenez hurren. Beraz, horretan hobetzeko joera dago.