GARA Euskal Herriko egunkaria
ARNASGUNEEN GARRANTZIA HIZKUNTZEN BIZIBERRITZEAN
Interview
Elin Haf Gruffydd Jones
Soziolinguista galestarra eta ELENeko lehendakaria

«Galesen oso inportanteak dira continuuma eta interdependentzia»

Elin Haf Gruffydd Jones (Bermuda, 1967) soziolinguista galestarra da. ELEN Europako hizkuntza gutxituen aldeko eragile sozialen sareko lehendakaria, Galesko Trinity Saint David Unibertsitateko irakaslea eta Gales eta Zelta Ikasketa Aurreratuen Zentroko zuzendaria. Berriki Arnasguneen Nazioarteko Konferentzian parte hartu du Azpeitian. Hizkuntza gutxituen egoera ezagutzeaz gain, ikasi ere egin ditu batzuk, eta euskaraz egin duen elkarrizketarik luzeena da hau.

(Jon URBE | FOKU)

 

Arnasguneak hizkuntza gutxituak biziberritzeko funtsezkoak direla agerian gelditu zen iragan urriaren 16an eta 17an Azpeitian egin zen nazioarteko konferentzian. 250 bat lagun bildu ziren Soreasu antzokian, tartean Elin Haf Gruffydd Jones, ELEN Europako hizkuntza gutxituen aldeko sareko lehendakaria eta Galesko Trinity Saint David Unibertsitateko irakaslea.

Konferentzia amaitu orduko egin genuen elkarrizketa. Ezaguna da, lagun anitz ditu, eta haiek ondotik jarri zen gurekin. Euskaraz mintzatu zen ia denbora osoan, begiak itxita hitz zehatzak ekartzeko ahalegina eginez, eta topatzen ez zituenean euskara balitz bezala ulertu genion ingeles garbi bat sartuz.

Galesa ama hizkuntza duzu...

Bai. Duela 58 urte jaio nintzen, Bermudan, nire gurasoek han lan egiten zutelako. Betitik galesa hitz egin dugu etxean, gurasoekin, bi ahizpekin eta familia osoarekin. Baina ez ginen arnasgune batean bizi. Eskolan D ereduaren antzeko eredu batean ikasi nuen, beraz, galesez egin nuen hezkuntza ibilbide osoa. 15 urte ingururekin galesez mintzatzen nintzen, baina ingelesez ere bai lagunekin. Gero, 16-17 urterekin aldaketa egin genuen eta gero eta gehiago galesez solasean hasi ginen lagunartean. Kalean, kontzertuetan, garagardo batzuk edaten gure giroa nahiko galestuna zen.

Bertze hainbat hizkuntza ere hitz egiten dituzu, horietako anitz hizkuntza gutxituak.

Asko gustatzen zaizkit hizkuntzak, eta eskolan ondo ikasi nuen frantsesa. Noski, galestarron eta bretoien artean nahiko harreman bizia dago. Gure hizkuntza, galesa, eta bretoiera antzekoak dira linguistikoki. Orduan, pixka bat ikasi nuen.

Unibertsitatean frantsesa eta espainola ikasi nituen, eta 20 urterekin Frantziara eta Espainiara joan nintzen. Zuek badakizue nola den, ez da gure identitatea errespetatzen: «Un d’Angleterre...», esaten zidaten. Eta nik: «Je ne suis pas d’Angleterre». «Vienen las inglesas». «No somos inglesas».

Granadan Aguraingo bi ikasle gazte ezagutu nituen, nire adinekoak, eta hortik aurrera izan nuen euskararen eta Euskal Herriaren berri. Gero buelta egin nuen Galesera, eta Begotxu Olaizola ezagutu nuen. Gure unibertsitatean bazegoen zentro bat, Mercator izenekoa, eta han lan egiten zuen. Euskara klaseak ematen hasi zen eta berarekin ikasten hasi nintzen. Hiru hilabete geroago unibertsitatea amaitu nuen eta zentro horretan lana topatu nuen. Orduan ikasi nuen euskara. Bueno, ikasten hasi nintzen [irriz].

Bi urte eman nituen katalana ikasten, beste bi urte galegoa, ondotik irlandera... Euskara ikasten ari naiz duela 35 urtetik! Ez naiz inoiz Euskal Herrian bizi izan. Hiru egun soilik ematen ditut hemen, gero sei hilabetez etxean egoten naiz, ondoren beste hiru egunerako etortzen naiz... Horrela ez da erraza ikastea. Hizkuntza gutxituen artean lan egiten dut, hori da nire istorioa.

Lehen ez zinen arnasgune batean bizi, baina orain bai. Zein hitz erabiltzen da Galesen arnasgunea izendatzeko?

‘Catarnle’ edo gotorlekua. 1962an hizkuntzaren aldeko mugimendu soziala hasi zen, Euskal Herrian bezalatsu. Mugimendu horrek beti kanpaina egin zuen, bai hizkuntza planifikazio tradizionalaren alde: estatusa, telebista, hezkuntza..., baina baita galesa egunero hitz egin daitekeen zonaldeen baldintza materialen alde ere. Gure arnasguneak pobreak dira ekonomikoki. Orain dela ehun bat urte, industrializazioarekin, indar sozioekonomiko handiagoa zuten. Orain postindustrialak edo landa guneak dira. Orduan, bi lehentasun ditugu: arnasguneak ez diren zonaldeetan hizkuntza indartzea eta arnasguneetan hizkuntza, ekonomia eta gizartea indartzea. Horiek dira duela 60 urteko eta oraingo lehentasunak. Gure autonomia 1999an jaio zen, baina, noski, lehenago ere gauzak egin genituen. Adibidez, gure D eredua, telebista eta gure lehen urrats ofiziala autonomia baino lehen hasi ziren.

Zer ekarri zuen autonomiak?

Galdera ona. Hizkuntzaren aldeko kontsentsu zabala ekarri zigun. Ez dakitenak ere hizkuntzaren alde daude, orain lehen baino gehiago.

Ezagutza ere handitu da?

Bai. Baina gaur egun %35ek ikasten dute D edo B ereduetan. Hortaz, %65 A ereduan daude. Aurten, Galesko Parlamentuak lege berri bat egin du hezkuntza eta hizkuntzari buruz. Baina hezkuntza ez da Galesen konpetentzia, diputazioen pareko lurralde erakundeena baizik. Halako 22 erakunde ditugu Galesen, eta hiru milioi biztanle gara. Hezkuntza eta hizkuntza politika maila honetan egiten da eta orain arte oso motela izan da ereduen aldaketa. Beste gauza bat ere ekarri du autonomiak. 2018an Galesko Gobernuak estrategia berria hasi zuen galesaren alde. Hiru helburu dauzka. Lehena: orain gutxi gorabehera milioi erdi hiztun gara, eta 2050ean milioi bat izatera iristea da xedea. Helburua oso sinplea da, gogoratu ahal duzu, positiboa da eta lor daiteke, egingarria da. Bigarren helburua eguneroko erabilera bikoiztea da. Eta hirugarrena hizkuntzaren aldeko baldintzak sortzea. Nire ustez, oso positiboa da egoera. Biztanleria ia osoa dugu galesaren alde, Gobernuak estrategia bat darama hizkuntza bultzatzeko, eta orain dela hiru-lau urtetik arnasguneetan pentsatzen hasi zen. Gure herrian, adibidez, hezkuntza tokiko mailan ematen da. Orduan, politika desberdinak ditugu eskualde batzuetan eta besteetan. Eskualde batzuetan eskola guztiak dira D edo B eredukoak. Besteetan, A eta D ereduak daude.

Euskal Herriaren antzera hori ere.

Bai, ezta? Orain dela lau urte Galesko Gobernua txosten batzuk osatzen hasi zen arnasguneak nola babestu hausnartuz. Serioski pentsatzen hasi zen arnasguneei aukera berriak nola eman eta nola egin politika bereziak arnasguneetan. Galesko hiztunen komunitatearen batzordea abiatu zen orain dela hiru urte, eta lehen txostena argitaratu zuen orain dela urtebete, arnasguneei buruzkoa. Bigarren txostena dentsitate ertaineko eta baxuko zonaldeen ingurukoa da eta datorren urtean plazaratuko da. Galesen garrantzitsua da arnasguneetan pentsatzea, baina ez soilik horietan. Lehendabiziko txostenean argi esan zuten galesa hizkuntza nazionala dela. Orduan, gales hizkuntza biztanleriaren %10ek egiten duten auzo batean bizi arren, zure hizkuntza eskubideak antzekoak dira, adibidez, medikuarekin galesez egiteko.

Eta horretarako baduzue lege babesik?

Ospitaleen ardura da. Ez dugu Konstituziorik. Ez dugu eskubide formalik, adibidez, hezkuntza gales hizkuntzan egiteko, baina eskualdeek ardura legala daukate hezkuntza gales hizkuntzan emateko.

Praktikan eskubide hori betetzen da?

Dentsitate baxuko eskualde batean bizi bazara, etxe ondoan eskola bat duzu baina ez du D eredua eskaintzen. Haraxeago dagoenak ere ez, baina urrunagokoak bai. Orduan, ordubete beharko duzu eskolara joateko. Eskubidea badaukazu, baina ez dira baldintza berdinak. Administrazioan egoera asko hobetzen ari da, teknologiari esker. Udalera galesez idazten baduzu, erantzuna hala jasoko duzu orain, eta duela hamabost urte ez zen horrela.

Batzordearen lehen txostenean aipatzen den beste ideia bat da hizkuntza planifikazioa arlo guztietan dela beharrezkoa: etxebizitzan, ekonomian, hezkuntzan, komunitatean...

Etxebizitzak oso garestiak dira soldatarekin konparatuz, hortaz, nork erosten ahal ditu? Kanpoko jendeak, beste indar ekonomiko bat duten zonaldeetakoak. Zu ileapaintzailea edo mekanikaria zara eta ezin duzu ordaindu. Orduan, zer egingo duzu? Mugitu, edo gurasoekin bizi, noiz arte? Arazo sozioekonomikoak daude eta gure arnasguneek beste politika bat behar dute. Minimoak daude: etxe berri bat eraiki nahi baduzu, agian hogei pisu eduki behar ditu, baina baliteke herri horretan momentu horretan etxea behar duten hogei pertsona ez izatea. Orduan, kanpoko jendea ekartzen saiatzen zara eta horrek hiztunen ehunekoa aldatzen du, inpaktu soziolinguistiko bat du. Politika berdina segitu liteke, baina eskala egokituz eta etxe bat egiteko gutxienekoa bost pisutan jarriz. Lehen txostenak halako 57 gomendio ematen ditu. Arnasguneak nola eta nork definitzen dituen ere azaltzen du.

Bigarren txostena, berriz, dentsitate ertaineko eta baxuko zonaldeei buruzkoa izanen da. Arnasguneekin erlazionatuta definituko dira horiek.

Gure errealitatea honakoa da: 1.000 biztanle edo gutxiagoko herri txiki batzuk ditugu, eta haietan biztanleen %80k galesa hitz egiten dute, baina horiek agian ez dira arnasguneak, lo-guneak baizik. Gure kasuan ezin duzu arnasgune txiki-txiki bat isolatu, ze bertan bizi zara, baina beste zonalde batean duzu eskola edo lantokia eta mugitu behar duzu. ‘Elkarren arteko mendekotasuna’ eta ‘continuum’ geografiko bat dago. Eskozian eta Irlandan, aldiz, ez dago halako jarraitutasunik. Gure mapan zonalde batean %80ko hiztun kopurua dugu, ondokoan %60koa, pixka bat harago %40koa... Eskozian eta Irlandan, gune batean %50 dira bertako hizkuntzaren hiztunak, eta ondokoan beharbada zero. Fisikoki hizkuntza irlak daude. Guk ez daukagu hori, ‘continuum’ bat baizik. Eta oso positiboak eta inportanteak dira guretzat bi kontzeptu horiek: ‘continuuma’ eta ‘elkarren arteko mendekotasuna’.