OCT. 29 2025 Adinekoentzat lau egoitza berri eraikiko dituzte Gipuzkoan Gipuzkoa Zainduz sozietatea sortu du Foru Aldundiak, zainketa sistema indartzeko eta datozen urte hauetan izango dituen erronkei aurre egiteko asmoarekin. Izan ere, nabarmen haziko da zaintzak beharko dituzten herritarren kopurua. Asensio, Mendoza eta Peña, Gipuzkoa Zainduz sozietatearen aurkezpenean. (GIPUZKOAKO ALDUNDIA) GARA DONOSTIA Gipuzkoako Aldundiak «erabakigarritzat» jo du zainketa sistema indartzeko helburuarekin abiatu duen Gipuzkoa Zainduz. «Sozietate hori lurraldea gizarte baliabideen eta azpiegituren eraikuntza eta foru Gobernuaren sustatzeko tresna izango da», azaldu zuten Eider Mendoza ahaldun nagusiak, Jose Ignacio Asensio ahaldun nagusi ordeak eta Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak atzo egin zuten agerraldian. Gipuzkoa Zainduz Aldundiak abiaturiko 2024-2027 Plan Estrategikoan eta 2024-2030 Gipuzkoako Zerbitzuen Mapan aurreikusten diren inbertsioak gauzatzeko egin dela gaineratu zuten. Mapa horren arabera, mendekotasun egoeran dauden adinekoak %26 haziko dira 2030era bitartean. Horrenbestez, Gipuzkoan 757 egoitza plaza beharko dira hamarkada amaitu baino lehen, egungo estaldurari eutsi ahal izateko. Buruntzaldean, Debabarrenean, Urola Garaian eta Urola Kostan lau egoitza berri eraikitzea aurreikusi dute. «Gipuzkoako Foru Aldundiaren ardura eta konpromisoa da», ahaldun nagusiak azaldu zuenez, «gaur eta bihar, zaintza beharra duen pertsona orok bermatua izatea kalitatezko zaintza, pertsonalizatua eta komunitateari irekia». «Gizartea abiadura bizian zahartzen ari denez, helburu hori gauzatzeko erabaki ausartak behar ditugu, tresna berritzaileak aktibatzeko. Hori da Gipuzkoa Zainduz, tresna eraginkorra eta partekatua, gaurko eta biharko zaintza beharrei elkarlanetik erantzun ahal izateko», adierazi zuen Mendozak atzoko agerraldian. ALDUNDIA, BAZKIDE BAKARRA Gipuzkoa Zainduz sozietatea %100 forala izango da, eta Aldundia izango da bazkide bakarra. Foru Gobernuari atxikita egongo da, eta Batzar Nagusiaren funtzioak beteko ditu eta Administrazio Kontseilua izendatuko du. Tresna inbertitzaile eta operatibo gisa ulertzen da, kapital soziala eta komunitarioa erakartzeko gai dena, bai eta sozietate mistoak sustatzeko ere, batez ere hirugarren sektore sozialeko irabazi asmorik gabeko erakundeekin, egoitza zentroak eta bestelako ekipamendu sozialak eraikitzeko. Aldundiaren hasierako ekarpena 51 milioi eurokoa izango da (hamar milioi euroko kapital soziala eta 41 milioi euroko jaulkipen prima), eta, horri esker, inbertsio osoko ehun milioi euro inguru mobilizatu ahal izango dira 2025 eta 2029 bitartean, sei sozietate misto eratuz. Gipuzkoa Zainduzek eredu berria sortu nahi du: «Arreta tradizionalaren ordez, zaintza eredu pertsonalizatuagoa du helburu, ingurunearekin lotura zuzena duena». 3. SEKTOREAHirugarren sektore sozialeko irabazi asmorik gabeko erakundeekin egoitza zentroak eta bestelako ekipamendu sozialak eraikitzeko sozietate mistoak sortzeko aukera aurreikusi du Gipuzkoako Aldundiak.