OCT. 30 2025 Inbestidurako gehiengoa berregitea eta gutxieneko bide orri bat beharrezko jo ditu EH Bilduk Madrilen Gorka Elejabarrieta, artxiboko irudi batean. (Gorka RUBIO | FOKU) GARA BILBO Pedro Sanchezen Gobernua osatzeko eratu zen inbestidurako gehiengoa berregitea eta gutxieneko bide orri bat adostea beharrezkotzat jo zituen atzo EH Bilduko Harreman Politikoen idazkari eta Senatuko bozeramaile Gorka Elejabarrietak, ETB1 telebista katean egin zioten elkarrizketan. Juntsek PSOErekin harremanak eteteko hartutako erabakiari buruz galdetuta, alderdi katalanaren jarrera errespetatzen dutela baina EH Bilduren posizio politikoa hori ez dela nabarmendu zuen atzo Elejabarrietak. «Beharrezkoa da inbestiduraren gehiengoa berrosatzea. Bide orri bat guztien artean adostu behar dugu, Katalunia eta Euskal Herrirako gauza onak ekartzeko», adierazi zuen EH Bilduko senatariak. «Legealdiak aurrera jarraitzen du, eta aukera leihoak zabalik dirauen bitartean, orain arteko ildoari eutsiko diogu. Legez lege negoziatzen jarraituko dugu Euskal Herriarentzat onurak lortzeko», nabarmendu zuen Elejabarrietak. Horrekin batera, egungo Gobernu espainolaren alternatiba, PP eta Voxen artean osaturikoa, Euskal Herriarentzat eta beste lurraldeentzat oso txarra izango litzatekeela ohartarazi zuen. Gauzak horrela, EH Bilduk eskuina eta eskuin muturra gelditzeko konpromisoa duela berretsi zuen. «Baina hau ez da nahikoa, zentzua eman behar diogu legealdi honi», azpimarratu zuen Elejabarrietak. Ildo horretan, behingoz Estatuaren plurinazionaltasunari heltzeko garaia dela gaineratu zuen. Are, EH Bilduren ustez, gutxieneko bide orri horri heltzeko «ezinbesteko osagaia» da. Pedro Sanchezek gaur Senatuan egingo duen agerraldiari buruz ere galdetu zioten Elejabarrietari. «EH Bilduk ez du ustelkeria kasu bakar bat ere, eta lasaitasun horretatik irmotasuna, ikerketa sakona eta zero tolerantzia eskatuko dizkiogu Sanchezi. PPk ez du nahi egia jakitea eta ustelkeriarekin errotik amaitzea, Gobernua higatzea eta legealdiarekin lehenbailehen bukatzea baizik», nabarmendu zuen.