GARA Euskal Herriko egunkaria
AZKEN PUNTUA

Memoria kantatua


Yo soy hijo de Extremadura, con mi padre fui pastor. Niño y pobre vine a esta tierra, que hoy es tierra de mi amor».

Gure herriaren memoria abestuko hitzok oroitu ditut iragan astean Espainiako Kongresuan frankismoak fusilatutako azken bost lagunei eginiko omenaldiaren albistea irakurtzean. Bitxia da nolabaiteko adostasuna Madriletik etorri behar izana. Gurean, garai batean Txiki eta Otaegiren kantuetara batutako ahotsak nahasi samar eta distortsionatuta jaso ditugu, azken hilabeteotan, eraildako euskal gazte haiek gogora ekarri nahi izan ditugunean. Lakuako eta Iruñeko gobernuetako indar nagusiak kritiko agertu dira han eta hemen egin nahi izan zaizkien ekimen desberdinetan, orain omenaldia egindako Madrilen baino diskurtso garratzagoa erabiliz. Oharkabean gero eta maizago etortzen ari zaizkigu faxistak eta gero eta gehiago dira, Gasteizen zein Iruñean, eta halakoetan ere ez gara mezu bateratu, zorrotz eta tinkoa bidaltzeko gai izan.

Memoria gara edo ez gara izanen. Eta memoria pertsonalean, egunotan asko oroitu dut Extremadurako alaba den lagun nafarra, sindikalismo abertzalean aritzeagatik laboralki akabatu nahi izan dutena. Horrelakoak soilik faxismotik egin daitezkeelako, eta horretarako faxismoak bestelako indarren sostengua behar du.