NOV. 08 2025 POPEL / ERRAUTSAK Oroimenaren denbora-kapsula hunkigarria Gaizka IZAGIRRE HERNANI Sarritan gertatzen da: istorio harrigarriak oinarri dituzten dokumentalek, edukiaren indarrari uzten diote gidaritza osoa eta, bidean, forma eta kontatzeko modua bazterrean geratzen dira. Ez da Oier Plazaren “Popel/ Errautsak” lanaren kasua; istorioa sinestezina da, baina aukeratu duen bilgarria oso sendoa da. Bigarren Mundu Gerran girotutako suspensezko thriller baten elementuak dituen lanak hainbat geruza ditu, eta geruza horietan pertsonak agertzen dira lehen lerroan. Horien artean dago Unai Eguia irakaslea; Enric Moner kataluniar deportatuaren benetako istorioa argitu nahi du. Anton Gandarias, berriz, Gestapok atxilotutako bere osabaren aztarnen bila dabil. Bien ikerketek bat egingo dute eta Pragako bihotzeraino eramango ditu. Dokumentalak jauziak egiten ditu denboran eta espazioan, eta horien artean uztartzen dira baliabide ugari: animazioa, artxibo irudiak, elkarrizketak... Hala ere, ikerketa prozesua bera da narrazioaren gidaria, orratz baten antzera hari solte guztiak josten dituena. Material eta datu ugari zituzten esku artean egileek, eta Oier Plaza zuzendariak, Garazi Velasco gidoilariarekin batera, maisutasunez ordenatu eta sailkatu ditu gidoian, ikus-entzunezko dotore, hunkigarri eta aldi berean misteriotsu bat eraikiz: oroimenaren korapiloetan barneratzeko gonbidapena. Kote Camachoren animazioek dimentsio poetikoa eta atmosfera berezia ematen diote kontakizunari. Aitor Etxebarriaren musikak misterioaren eta emozioaren arteko tentsioa maisuki gidatzen du, eta Lander Andonegiren argazkilaritzak dotoreziaz blaitzen du irudi oro. Hannot Mintegiaren muntaketak, azkenik, erritmo eta oreka perfektua eskaintzen dizkio dokumental osoari. Inoiz ahaztuak izan behar ez zutenen oroimenaren denbora-kapsula hunkigarria.