GARA Euskal Herriko egunkaria

Ertzaintzaren inpunitatea amaitzeko deia, Rosa Zarra omentzeko ekitaldian

Rosa Zarraren omenezko plaka jarri zuen atzo Donostiako Udalak. Ekitaldian, agintarien gezurrek mina handitzen dutela esan zuten seme-alabek eta Ertzaintzaren beste biktimei ahotsa eman zieten. «Gauzak aldatu» beharra dagoela esan zuten, eta Gobernuari eskatu zioten zigorgabetasunari amaiera emateko eta poliziaren «esku-hartze neurrigabeak itsu-itsuan» ez babesteko.

Rosa Zarraren senitartekoak, atzoko ekitaldian, plakan loreak jartzen. (Maialen ANDRES | FOKU)

Rosa Zarra, Ertzaintzaren biktima, oroitzeko plaka jarri zuen atzo Udalak Donostian. «Rosa Zarra Marin, 58 urtekoa, Donostiako Parte Zaharrekoa eta sei seme-alabaren ama, etxekoandrea zen eta Amara Berri auzoan bizi zen. 1995eko ekainaren 22an, Zarra Anoetako estadiotik gertu mobilizazio batean zegoela, Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek sabelean jo zion. Handik zortzi egunera, ekainaren 30ean, ospitalean hil zen», gogoratu zuten udal iturriek.

Jon Insausti alkatearen hitzetan, zorretan zegoen Donostia Zarraren memoriarekin; «urte dezente pasa direlako erail zutenetik, eta uste dugu gaur behintzat min hori arintzen Donostiako hiriak eman duela pauso bat aurrera». Memoria ariketaren harira, Udalak egindako urratsa eskertu zuen familiak, baina bide horretan Segurtasun Sailak eta Lakuako Gobernuak, oro har, oraindik sakontzeko bide luzea dutela aipatu zuen, autokritika eskatuz, eta ekitaldian zeuden Ertzaintzaren biktimei ahotsa emanez.

«GEZURRA ESAN ZUTEN»

«Plakarekin onartzen da ama biktima bat izan zela, indemnizazioa eman eta kitto. Pauso bat eman behar da aurrera, ausardiaz, eta esan ‘bai, egin genuen eta saiatuko gara berriro gerta ez dadin’. Ez dute esan», adierazi zuen Idoia Irazusta Rosa Zarraren alabak. Agintarien gezurrek mina handitzen dutela gehitu zuen: «Gezurra esan zuten; Juan Mari Atutxak esan zuen ama berdin hilko zela pilotakadarekin edo gabe, eta hori gezurra zen». «Medikuak isilik egon ziren beldurrez, epailearen aldeko forentseek harrapatu zuten nonbait amak bazeukala zerbait bihotzean, adin batetik gora emakume askok daukaguna dirudienez, eta horregatik hil» zela esan zuten, «minez puskatzen zen familia bati» bigarren «labana» sartuz.

Iñigo Cabacasen senideak izan ziren ekitaldian, baita Gasteizen zauritutako Xuban Nafarreterenak, Tolosan zauritu zuten Xuhar Pazosenak eta Amaya Zabarterenak, besteak beste. Biktimen izenean Jon Pazosek hartu zuen hitza. Rosa Zarraren egiaren aitortza heldu arte hamarkadak pasatu direla gogoratu zuen eta biktima gehiago egon direla euskal gizarteak ez errepikatzeko bermeak eskatzen zituen bitartean.

«Behar dugu gauzak aldatzea (...) Behar dugu biolentzia horren jardunean ari diren horiek justiziaren eskuetan jartzea, behar ditugu berriro errepikatuko ez denaren benetako bermeak», adierazi zuten. Faltan sumatzen dute «Ertzaintzak egindako esku-hartze neurrigabeei inpunitaterik eskainiko ez dien Eusko Jaurlaritza».