GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Inpunitatea, estatu indarkeriaren berme


Belfasteko alkate ohi eta Westminsterreko diputatua da John Finucane abokatu irlandarra, memoriaren eta egiaren defentsan erreferentzia bihurtua. Gertu-gertutik ezagutu du Estatuaren indarkeria, eta joan den astean Nafarroako Torturatuen Sareak antolatutako nazioarteko konferentzian parte hartu zuen. 1989an paramilitarrek, zerbitzu sekretuekin elkar hartuta, Finucaneren aita hil zuten. GARAk egindako elkarrizketan, gaur orrialdeotan irakurgai, horretaz mintzo da. Ez du egia agerraraztea lortu eta airean diraute berak eta bere familiak egin dituzten galderek, «Gobernuaren politika bat zegoelako, ez bakarrik hiltzeko, baizik baita bere parte-hartzea ukatzeko ere, egia ezabatzeko», eta ikerketa oztopatzearen zergatia azaltzen du: «Hainbat ebidentzia naturalek Polizia, M15, Armada eta politika mundua seinalatzen dituzte. Gobernu britainiarrak nekez esan zezakeen ‘beharbada gaizki jardun zuten polizia bat edo bi izan ziren’». Inpunitatearen azalpena.

Iñigo Iruin euskal abokatuak ere parte hartu zuen konferentzia horretan, torturaren inguruko datuak eta hausnarketa plazaratuz, eta Finucanerenen antzeko ondorioetara iritsi zen. Haren ustez, tortura estatu indarkeria da, «estatu erabaki baten ondorio», eta bere hiru botereek esku hartzen dute, atxilotuaren inkomunikazio alditik torturatzailearen indulturaino. Izan ere, ez da tortura eragozteko legerik egin; aitzitik, hura erraztu eta ezkutatzeko sortu eta moldatu izan dira legeak. Torturak, Iruinek dioenez, berezkoa baitu inpunitatea. Ikusita gaude jasandako torturak salatzeagatik auzipetu dituzten torturatuak, baina nekez torturaren aurkako zigorrik, eta izan diren bakanei berehalako indultuak jarraitu izan die.

Tortura, gerra zikina delakoa bezala, gai deserosoa da haren egileentzat, saihestu beharrekoa. Hala izaten da torturatuarentzat ere, mingarria baitzaio. Hala ere, beharrezkoa da, are higienikoa, agerian jartzea torturaren diseinua eta haren pieza guztiak, baita horiek guztiak zeharkatzen dituen funtsezko elementu bat ere, inpunitatea. Tamala da, Irlandan nahiz Euskal Herrian, estatu indarkeriaren biktimentzat gai hau mingarria izatea eta erantzuleentzat deserosoa baino ez.