NOV. 14 2025 Atharratzetik Bilbora, euskarak denok bil gaitzakeela aldarrikatuko du 24. Korrikak Euskararen aldeko ekimen erraldoiak badu 2026rako hitzordua: martxoaren 19tik 29ra egingo da 24. Korrika, Atharratzetik Bilboraino Euskal Herria zeharkatuz. Errigora izango da edizio honetako omendua eta “Euskara gara” lelopean egingo da, euskarak guztiok bil gaitzakeela nabarmentzeko. Gasteizen aurkeztu zuten atzo. Korrikaren 24. edizioaren aurkezpeneko familia argazkia, Gasteizen. (Gorka RUBIO | FOKU) Alaia SIERRA GASTEIZ Korrikaren 24. edizioa Atharratzetik abiatuko da 2026ko martxoaren 19an eta Bilbon bukatuko da hamar gau eta hamaika egun beranduago, martxoaren 29an. 2.500 kilometro egingo ditu Euskal Herria gurutzatuz euskararen aldeko lasterketa erraldoiak, gau eta egun geratu gabe. Halaxe iragarri zuten atzo Gasteizko Izaskun Arrue Kulturgunean egin zuten aurkezpenean. “Euskara gara” izango da leloa. Korrikako arduradun Ane Elordik azaldu zuenez, «euskarak denok bil gaitzake, euskara ez baita muga, arnasa baizik. Euskara zubi gisa landu behar da. Euskal herritar guztion hizkuntza komuna izan dadin nahi dugun heinean, kohesio sozialerako tresna ere izango da». «Euskal Herriak arnasa berria behar du. Euskararen herrira jauzi egin nahi duten guztien herria gara, berton jaioak izan zein kanpotik etorriak. Euskara da gure arnasa, elkarren zaintzaren hizkuntza, justizia sozialaren hizkuntza». AEKren nazio kontseiluko kide Maialen Begiristain Gradok eta Lurdes Etxezarreta Artabek ere hartu zuten hitza. «Herri hori nolakoa izatea nahi dugun adieraziko dugu. Euskara herritar guztientzako aterpe erosoa dela. Berdin da zer jatorri, zein azal kolore, euskararen inguruko nolako ezagutza... Garrantzitsuena da guztientzako lekua dagoela, eta bertan, euskararen baitan, guztion artean eraikita, azkenean aurkituko dugula gizarte zapalkuntza orotatik babestuko gaituen komunitate berdinzale eta zabala, gure herrian, euskararen herrian, mundu oso bat sortzen baita», adierazi zuen Begiristainek. Horren harira, Ane Elordik GARAri azaldu zionez, «Kontseiluak behin eta berriz azpimarratu duen» ideiarekin bat egin nahi dute, hau da, «pizkunde baten beharra daukagula». Izan ere, «kalean ikusten da euskararen egoera ez dela gozoa». «Zerbait egin behar bada, orain egin behar da, gero berandu izan daitekeelako», ohartarazi zuen Elordik. ERRIGORA OMENDUTA Edizio honetako omendua Errigora izango da, Nafarroako hegoaldean euskara bultzatzeko sortu zen eta auzolana oinarri duen herri ekimena. Korrikak aitortza egin nahi dio orain arte jorratu duen bideari, «euskaratik, euskararentzat eta euskaraz lanean ari den ekimen herritarrari, egin duen eta egiten ari den lanarengatik», azaldu zuen Korrikako arduradunak. Nafarroako hegoaldean euskalduntzean egin duen ahalegina aitortu eta etorkizunerako bultzada eman nahi dio Korrikak Errigorari. Elordik GARAri atzo gaineratu zionez, Errigorak «bueltan euskarari egiten dion ekarpena garrantzitsua iruditzen zaigu» eta herritarrek sortutako ekimena dela ere «azpimarratzekoa» da, beraien ustetan. «ORAIN DA UNEA»«Euskal Herri euskalduna, feminista, antirrazista eta goxoa izango da gurea. Helburu dugun Euskal Herria lortzeko, ezin dugu ezer geroko utzi, orain da unea», nabarmendu zuten aurkezpenean. «ARNASA»«Euskal Herriak arnasa berria behar du -aldarrikatu zuten-. Euskararen herrira jauzi egin nahi duten guztien herria gara, berton jaioak izan zein kanpotik etorriak».