NOV. 14 2025 Stephen King Gaizka IZAGIRRE Zinema kritikaria Agatha Christie, Shakespeare, Edgar Allan Poe, Dickens… Idazle ospetsu horiek, desberdintasun nabarmenak dituzten arren, bi ezaugarri nagusi partekatzen dituzte: hilik daudela eta euren lanak zinemara eta telebistara gehien egokitu diren idazleak direla. Une honetan bizirik dauden idazleen artean jarri nahiko nuke arreta, izen bat nabarmentzen baita guztien gainetik: Stephen King. Bere lanen egokitzapen kopurua iturriaren arabera alda daiteke, baina estimazioek diotenez, 150 izenburu inguru daude film eta telesailen artean. “Carrie”, “The Shining”, “Misery”, “The Green Mile”… zerrenda amaigabea da, eta horrek adierazten du King, literaturaren maisu bat izateaz gain, pantailetan sekulako eragina duen sortzailea dela. Aurten, esaterako, hiru moldaketa iritsi dira pantaila handira: “The Life of Chuck”, “The Monkey” eta “The Long Walk”. Gainera, “It” unibertsoan oinarritutako “Welcome to Derry” telesaila ere estreinatu da. King eragin handiko autorea da literatura garaikidean, batez ere beldurrezko, suspensezko eta naturaz gaindiko generoetan. Bere pertsonaia gogoangarriak eta trama xurgatzaileak irakurle eta zinemagile belaunaldiak liluratu dituzte. Haren lanez egin diren egokitzapen asko kaskar samarrak izan daitezke, baina bere unibertsoak sortzen duen tentsioa, misterioa eta xarma pantailetan ere modu ezin hobean transmititzen dira.