NOV. 18 2025 Epsteinen agiriak plazaratzearen aldeko botoa eskatu du orain Trumpek AEBko Ordezkarien Ganberak Donald Trump behin eta berriz aipatzen dituen Jeffrey Epstein pederastaren dokumentuak plazaratzea bozkatuko du gaur. Etxe Zuriak, hainbat hilabetez blokeatu du neurri hori, Trump ageri delako. Orain, bozketa galduta zeukala ikusita, presidenteak aldeko botoa eskatu die errepublikanoei «ez daukagulako ezkutatzekorik». Times Squaren publizitate hesi batek Epsteinen iruzkina nabarmentzen du: Donald Trumpek «jakina bazekiela neskena». (A. G. | GETTY IMAGES) Urtzi URRUTIKOETXEA Oso kaltegarri zaion auzi baten narratiba kontrolatzeko asmoz, Donald Trumpek orain gutxi arte izandako jarreran 180 graduko bira egin du. Iazko hauteskunde kanpainan behin eta berriz esan ostean Epstein paperak argitaratuko zituela, Etxe Zurira iritsitakoan erabat kontrako jarrera izan du, eta hala izatera behartu du Justizia Departamentua ere. Jeffrey Epstein finantza gizon eta pederasta milioidunaren aurkako polizia operazioetan atzemandako dokumentu eta bestelako objektuei deitu izan zaie Epstein paperak. Horien artean dira Epsteinek bere biktimekin zein adiskideekin izandako solasaldien transkripzioak. Adingabeen prostituzioa eta sexu trafikoa egotzita birritan espetxeratu zuten Epstein; 2019an, hilik agertu zen New Yorkeko kartzelan, eta suizidioa izan zela ebatzi zuen epaileak. Ez da inongo sekretua urteetan oso lagun izan zirela Trump eta Epstein, elkarrekin ageri diren argazki ugari daude. Askok argi samar dute presidentea bete-betean egon zela sartuta finantza gizon milioidunaren adingabeen sarean. Haren berri zuela, gutxienez, ondoriozta liteke Trumpek berak “New York Magazine” aldizkariari 2002an emandako elkarrizketatik: «Tipo itzela da. Oso dibertigarria da berarekin egotea. Esaten da emakume ederrak ni bezainbeste gustatzen zaizkiola, eta horietako asko gaztetxoak direla». Epsteinek «Trump bere lagun onena» zela esan ohi zuen. Demokratei urteetan justizia manipulatu izana egotzi ostean, iazko kanpainan Epsteinen dokumentuak argitaratuko zituela esan zuen. Baina Etxe Zurian, atzera egin du horretan, eta promesa bera egin zuen Pam Bondi fiskalak ere hala egin du, nagusiarekiko otzan eta biktimekiko ezaxola. Trumpen zale guztiek ez dute azken hilotako aldaketa hori onartu, ordea, eta MAGAko aurpegi ezagunenetako batzuek, ezohiko jarrera hartuta, Trumpen aurka egin dute. Marjorie Taylor Greene Georgiako kongresista ultra izan da jarrera aldaketa horren adibide («Taylor» beharrean «traitor», traidore, deitzen dio orain Trumpek). Gobernuaren itxialdia amaituta eta Ordezkarien Ganbera zabalik, gutxiengo demokrataren Epsteinen agiriak argitaratzeko proposamenak aurrera egiteko itxura guztia zeukan, jada lau ordezkari errepublikanok ere demokratekin batera bozkatuko zutela esan baitzuten. Egiaz, ehun ordezkari errepublikanoren kopurua ere aipatu izan da. Ontzia hondoratzear zuela, Trumpek aspaldi erabili izan duen estrategia bat berritu du, Epstein paperen bozketan baietza eskatuta errepublikanoei. Paper horietan ehunka aldiz ageri da Trumpen izena, zalantzarik gabe. Orain bere fiskal nagusiari eskatu dio bertan dauden demokraten izenak aurkitzeko. «Hau guztiek egiten dute, gidoitik hartutakoa da. Helburua ez da Trump errugabea dela frogatzea, beste norbaiten errua ezartzea baizik». Bill Clintonen izena aurkitu nahi du kosta ahala kosta; horrek Trump bera sexu predatzailearen paperetan agertzeari garrantzia kenduko balio bezala. BIRATrumpek 180 graduko bira eman du orain arteko jarreran, ikusita ontzia hondoratzen ari dela eta MAGAko jarraitzaileak ere badoazela ihesi. DEMOKRATAKPresidentearen helburua ez litzateke paperetan dagoela gezurtatzea, demokratek ere gauza bera egin dutela nabarmentzea baizik.