NOV. 20 2025 PEDERASTA ETA SEXU PREDATZAILEAREN DOKUMENTUAK Epstein hilda dago, baina Trumpek ezin du bien arteko lotura ehortzi Donald Trumpek ulertu du orain arteko lubakia defendaezin bihurtu dela. Iazko kanpainan MAGAko jarraitzaileei esan zieten 2019an espetxean hildako Jeffrey Epstein pederastaren paperetan demokraten zikinkeriak zeudela, eta argitara emango zituztela. Trumpista sutsuenek sinetsi zuten. Arazoa da presidentearen izena ageri dela behin eta berriz. Jeffrey Epsteinen biktimak elkar besarkatzen Kongresuko bi ganberen bozketaren ondoren. (AFP) Urtzi URRUTIKOETXEA AEBko politikaren etengabeko errusiar mendian, beherako astea egokitu zaio Donald Trumpi. Hala izan zen duela aste bi ere, eta ez New Yorkeko udal hauteskundeetan edo Virginia eta New Jerseyko gobernadorea hautatzeko soilik, barruti errepublikanoetan ere porrot esanguratsuak izan zituzten errepublikanoek. Igande hartarako, baina, Gobernu itxiera gainditzea lortu zuten, zortzi senatari demokrataren babesari esker. Joan den aste guztia oposizioa barne iskanbiletan murgilduta egon da. Inkesten arabera, shutdown-aren amaieran errepublikanoak gailendu dira, baina horren ondorioa irailetik itxita zegoen Kongresuko behe ganbera berriz martxan jartzea izan da. Adelita Grijalvak asteak eman ditu bere aitaren -kongresukide progresistenetakoa eta herri indigenekin sentiberatasun handienetakoa zeukana- heriotza goiztiarrak utzitako aulkia hartzeko zain. Ez zuen zertan hala izan, Mike Johnson speaker-a izan da, berariaz, Kongresuko saioak berriz abiarazi arte itxaron nahi izan duena. Ondo zekien, izan ere, 435 kideko Ganberan garrantzi berezia zeukala Grijalvaren botoak, demokratak gutxiengoan egon arren. Ezaguna zen zenbait errepublikanok baietz bozkatuko zutela demokratekin batera Jeffrey Epstein pederasta eta sexu predatzailearen dokumentuak argitaratzeko legean. Lau kongresistak halaxe adierazi zuten; tartean, Marjorie Taylor-Greene behinola Trumpen zale amorratua izandakoak (berriki «traidore» deitu zion presidenteak). Asteburuan kongresista errepublikano batek zioen ehun baino gehiago zirela demokratekin batera bozkatuko zutenak. Leialenak izan diren arratoiak ontzitik ihesi doazenean, ontzia benetan hondoratzen ari dela ondorioztatu behar duzu. Trump ez da bere jarraitzaileek koipea ematean deskribatzen duten lider bisionarioa, baina egia da ondo dakiela egoeraren tenperatura hartzen. Epstein eta Trump lotzen dituzten ehunka dokumentu daude, dozenaka argazki; ez da inongo sekretua Mar-A-Lagoko egoitzan antolatu zituztela euren ekitaldietako asko, Epsteinen biktimek ere salatu dutenez. URTEBETE DA TRUMPEK HAUTESKUNDEAK IRABAZI ZITUELA. Etengabe oldarrean dihardu kargua hartu zuenetik, behin ere ez defentsan. Orain, Epsteinen krimen zikin eta doilorrenen inguruan egon zirenen dokumentuetako batzuk jada agertu direnean, eta gainerakoak ere argitaratzea agindu duenean Kongresuak, bi neurri eta beste bi mezu helarazi nahi ditu Trumpek. Helburua, bistan da, guztiz aurka daukan narratiba bat bezatzea da. Kontakizuna bere alde jartzerik ez badago, beste guztien aurka ere egin dezala. Iazko kanpainan, paperak argitaratuko zituela agindu zuen Trumpek, eta errepublikanoen leloetako bat bihurtu zen. Demokratei Justizia Departamentua usteltzea leporatzen zieten, dokumentu horietan Bill Clinton bezalako buruzagi demokratak zeudelakoan. Kontua da Trump bera zela Epsteinen lagun mina. Horretarako, ez dio axola orain arteko bidean 180 graduko bira egitea, igandean errepublikanoei baietz bozkatzeko esanda. Kanpainan agindutakoak ezerezean geratu ziren udaberrian, eta teorian independenteak behar luketen zerbitzari leial bi izan ditu Trumpek horretarako: Mike Johnson Kongresuan, eta Pam Bondi Justizia Departamentuan. Fiskal nagusiak lotsarik gabe eta otzantasun guztiz bete ditu presidenteak agindutakoak. Epsteinen paperak mahai gainean zituela esan eta egun gutxira ebatzi zuen haietan argitaratzekorik ez zegoela, dozenaka emakumeren lekukotza lazgarriak bere bulegoan bertan izan arren. Joan den ostiralean, agindu berri bat eman zion Trumpek Bondiri: dokumentuetan demokratak aurki ditzala. Sari nagusia Clintonen izena aurkitzea litzateke. 2016an ondo funtzionatu zion horrela jarduteak, «nahi duzuna egin dezakezu, alutik heldu, nahi duzuna» grabaketa irten zenean. Ondo zekien grabaketa hark kalte handia egingo ziola kanpainan. Gezurtatzea alferrik zela jakinik, Hillary Clintonekin zeukan eztabaidaren goizean haren senarrari sexu erasoak leporatu zizkioten lau emakumerekin agerraldia egin zuen. «Bai, eta zer?» uler litekeen estrategia erabili zuen, «denek egiten dute, azken finean». Epstein eta Trump lotzen dituzten ehunka dokumentu daude, dozenaka argazki; ez da inongo sekretua Mar-A-Lagoko egoitzan antolatu izan zituztela euren ekitaldietako asko, Epsteinen biktimek ere salatu dutenez.