NOV. 22 2025 Presentziak (I) Estibalitz EZKERRA Literatura kritikaria Denbora luzez uste izan zuten Thomas Coleren “The Clove” (Arrakala, 1826), New York estatuan Kaaterskill Clovetik gertu dagoen haranaren ikuspegia agertzen duen margolana, gizakien presentziarik gabeko paisaia bat zela. 1964an koadroaren ohiko garbiketa egiten ari zirela, ordea, naturaren handitasunaren ondoan txiki azaltzen den pertsona indigena baten irudia gainetik margotua izan zela konturatu zen Britainia Berriko Amerikar Artearen Museoko kontserbatzaile bat. Indigenen errepresentazioa ez zen berez ezohiko kontua. XIX. mende erdialdeko Hudson Ibaia Eskolako margolarien lanetan arrunta zen hori, betiere estatubatuar nazionalismo inperialistaren interesei erantzunez; alegia, desagertzear zen edo zibilizatu beharreko “basatia”-ren irudira egokituriko errepresentazioak ziren haiek. Alde horretatik, ez dago ulertzerik zergatik ezabatu zuen Clovek indigenaren irudia bere koadrotik, baldin eta bera izan bazen ekintza horren egilea, datu hori oraindik ez baitago argi. Ojibwa herriaren ikerlari Joseph Mizhakiiyaasige Zordanek bestelako irakurketa egiten du “The Clove”-n agertu eta bere ustez Haudenosaunee herriko kide zen pertsonaz. Deigarria egiten zaio besoa haranaren sakontasunerantz, garai hartan kolono egoiliarrentzat ezezaguna eta zeharkaezina zen eremu baterantz, luzaturik duela, zerbait adierazi nahi izango balu bezala.