GARA Euskal Herriko egunkaria
DRACULA

Erromantizismoaren prezioa


Dracula” irakurri ostean askok pentsatuko dute Dracularen inguruko beste bertsio bat besterik ez dela film hau; neurri batean arrazoia emango diet, baina filmak ikuspegi berezi bat eskaintzen du. Ez dugu hemen munstro beldurgarri soil bat aurkituko, maitasunaren eta obsesioaren artean harrapatutako izaki tragiko bat baizik: mendeetan zehar maitearekin elkartzeko zain dagoen maitale kondenatua. Eta, hain zuzen ere, desio hori bihurtuko da istorioaren motor nagusia.

Luc Bessoni Dracularen mitoaren alderdi erromantikoa aztertzea interesatzen zaio, eta hori lehen unetik antzematen da; ohiko izugarrikeria eta beldur klasikoaren tonua baztertzen ditu.

Dracularen bertsio emozionalago eta poetikoago baten bila dabilen ikuslearentzat, filmak ikuspegi interesgarri eta bisualki zaindua eskaintzen duela nabarmendu behar da. Argiztapenaren eta kolorearen bidez, Bessonek beldurraren eta desioaren arteko muga lausoan dantzatzen den giro hipnotikoa eraikitzen du.

Baina estetika interesgarri eta zainduaz harago, filmak ez du ekarpen berezirik egiten. Erromantzean soilik zentratzeak, gainera, bere prezioa du: pertsonaiaren itzal klasikoaren tentsioa eta misterioaren zati bat bidean galtzen dira, eta emaitza, polita eta dotorea izan arren, drama erromantikoaren aldera makurtzen da, beldur klasikoaren kaltetan.

Azken batean, pelikula hau funtsean banpiroa biktima gisa aurkezten duen maitasun istorio komertzial bat besterik ez da: itxuraz sakona badirudi ere, azkenean arriskurik gabeko irakurketa erromantikoa eskaintzen du.

Gomendio bat: Dracularen bertsio tragiko eta erromantiko bat ikusteko gogoa baduzue, ikus ezazue Francis Ford Coppolaren filma; hori bai film bikaina!