GARA Euskal Herriko egunkaria

Israelen aurka esku hartzeko deia egin diete Gazak eta Libanok bitartekariei

Joan den urriaren 10etik 497 aldiz urratu dute israeldarrek su etena eta 342 pertsona hil dituzte Gazan. «Akordioaren urraketa sistematikoa» salatu zuen Hamasek, eta nazioarteko bitartekariei «premiaz» esku hartzeko eskatu. Libanok ere bitartekarien esku hartzea aldarrikatu zuen Tel Avivek Hezbola alderdiko Estatu Nagusiko burua hil ondoren.

Israelek atzo bost pertsona hil zituen Beiruten bonbardaketa batean. (Ibrahim AMRO | AFP)

Hamasek ohartarazi zuen atzo Gazan su etena hausteko arrisku handia dagoela Israelen erasoen ondorioz. Israeldarrek, gutxienez, 342 pertsona hil dituzte urriaren 10etik, eta Hamasek goi mailako ordezkaritza bat bidali du Kairora, nazioarteko bitartekariekin egoera aztertzeko.

Israelgo Armadak sare sozialetan baieztatu zuenez, Zerrendaren aurkako bonbardaketak egin zituen asteburuan militar hebrearrek ezarritako “Lerro Horia”-ren inguruan. Erasorik larriena Gaza hiriaren mendebaldean gertatu zen, Al Rimal auzoan: Israelek bost pertsona hil zituen.

Mugimendu islamistak salatu zuenez, joan den urriaren 10etik Israelek 497 aldiz urratu du su etena. «Akordioaren urraketa sistematikoa» da, eta «ehunka pertsonaren martirioa eragin dute, asmaturiko aitzakiapean egindako sarekaden eta etengabeko hilketen ondorioz. Halaber, aldaketak eragin dituzte erretiratze lerroetan, adostutako mapak urratuz», adierazi zuten.

Testuinguru horretan, Saudi Arabiako “Al Hadath” egunkariko iturriek baieztatu zuten atzo Hamasen ordezkaritza bat iritsi zela Kairora, Egiptoko inteligentziako arduradunekin eta Qatarreko eta AEBko ordezkariekin egoera aztertzeko. Helburua da Israelgo erasoei aurre egiteko moduak adostea eta behingoz bigarren trantsizio fase bati ekitea, Gazako etorkizuna bermatzeko.

ERASOA LIBANON

Bestetik, Israelek atzo jakinarazi zuenez, Hezbola alderdiko Estatu Nagusiko buru Haizam Ali Tabatabai hil zuen Beiruteko hegoaldeko auzo batean izandako bonbardaketan, duela urtebete ezarritako su etena berriro urratuta.

«Israelek ez ditu nazioarteko ebazpenak aplikatu nahi, eta uko egiten dio indarkeriaren goraldia amaitzeko eta egonkortasuna berrezartzeko neurri eta ekimen guztiak aplikatzeari, ez bakarrik Libanon, baita eskualde osoan ere», salatu zuen Joseph Aoun Libanoko presidenteak, eta esku hartzeko deia egin zien nazioarteko eragileei, «beren erantzukizuna beren gain hartzeko» eta «Libanoren aurkako erasoak geldiarazteko, seriotasunez eta irmotasunez».

Aounek joan den ostiralean adierazi zuen bere herrialdea prest dagoela Israelekin «edozein» akordio negoziatzeko, etengabeko erasoei amaiera eman ahal izateko.