NOV. 25 2025 Netiketak, online ere elkar babesteko Interneten zaindu beharreko arauak daude, indarkeria saihesteko edo, gertatuz gero, horri erantzun ahal izateko. «Ziberrean, Zibersegurola» kanpainak aholkuak ematen ditu sarean salbu egon gaitezen. Gaztetxoei zuzenduta daude, baina helduek ere badute zer ikasi. Nerabeak babestera bideratutako kanpaina den arren, netiketak erabiltzaile guztiek kontuan hartu beharreko arauak dira. (Jaizki FONTANEDA | FOKU) N.B. Egun Internet gure bizitzaren parte garrantzitsua da, eta hor ere bizitza errealeko jarrerak izaten dira. Adingabeak babesteko asmoz, Eusko Jaurlaritzak “Ziberrean, Zibersegurola” kanpaina jarri du martxan, zibersegurtasunaren inguruko kontzientziazioa eta sentsibilizazioa sustatzea helburu duena eta haur eta nerabeetan fokua jartzen duena. Kanpaina horrek hainbat bloke ditu, non helduak ere inplikatzen dituzten haur eta nerabeek Internet ondo erabiltzen ikas dezaten. Interneten errepikatzen diren bizitza errealeko jarreren artean indarkeria matxista ere bada, eta blokeetako batek hori ekiditeko gakoak ematen ditu, “Berdintasunaren aldeko netiketa” deiturikoak. Netiketak Interneteko -posta elektronikoan edo sare sozialetan- zaindu beharreko arau multzoa dira. «Net» eta «etiketa» hitzetatik eratorritako neologismoa da. Hauek emakume eta neskak babesteko prestatuak dira, eta dekalogo gisa aurkeztu dituzte. Hauek dira: · Irudi intimoak baimenik gabe ez bidali eta halako irudi bat iristen zaigunean gertatu dena salatu. • Txiste edo meme matxista edo sexistak errotik moztu, txantxa diren aitzakiaz erabiltzen badira ere. • Emakumeak eta neskak modu sexualizatuan irudikatzen dituzten irudiak baztertu. • Saiatu hizkuntza ez-sexista erabiltzen. • Emojiak aukeratzean ere kontuan izan hori. • Beste pertsonengan berdintasunezkoak ez diren edukiak edo jarrerak identifikatzen baditugu, haiei adierazi, batzuetan ez direlako konturatzen. • Ez babestu beren bikotekideen gaineko kontrola ezartzen dutenak. • Indarkeria matxistako kasuen salaketak ikusarazi. • Emakume eta nesken lorpenak sareetan zabaldu eta haiei protagonismoa eman. • Haurren eta nerabeen bokazio zientifikoa edo teknologikoa babestu, eta berdintasunaren aldeko kanpainak babestu, baita Interneten ere. Hamar puntu horiek praktika on gisa agertzen diren bezala, gailu elektronikoen bidez ager daitezkeen beste hamar praktika txar ere azaltzen dira beste atal batean, indarkeria matxista fisikoaz aparte, bestelakoak ere badaudelako, batzuetan oharkabean gertatzen direnak. Hala, kanpainak indarkeria matxista zer den azaltzen du: • Bikotekidea mugikorraren bidez jazartzea edo kontrolatzea. • Beste pertsona batzuekin Interneten dituen harremanak eragoztea. • Mugikorra espiatzea. • Sare sozialetan argitaratzen dituen argazkiak zentsuratzea. • Sare sozialetan zer egiten duen kontrolatzea. • Geolokalizazioaren bidez non dagoen esateko eskatzea. • Bere gako pertsonala ematera behartzea. • Beste norbaitekin izandako txata erakustera behartzea. • Berehala erantzuten ez dizulako haserretzea. • Eta bikotekideari irudi intimoak bidaltzera behartzea. Azken puntu honekin lotuta, sextortsioaren kontrako atal bat ere bada (guztiei zuzendutakoa, baina batez ere adin txikikoei). Izan ere, irudi intimoak bidaltzea edo ez norberaren erabakia bada ere, aholkatzen da inoiz ez egitea, besteek irudi horiek xantaia egiteko erabil ditzaketelako. Kanpainaren webgunean, bideo baten bidez gerta daitekeen egoeretako bat azaltzen da eta horren aurrean zer egin adierazten du. Xantaiaren aurrean laguntza eskatzea da garrantzitsuena; adingabeen kasuan, jakin beharko lukete helduak ez direla beraiekin haserretuko eta haiek babesteko prest daudela beti. Konfiantza hori gabe, xantaian erortzeko arriskua dago. Online GERTA daitezkeEn indarkeria matxistak ere deskribatzen diTU kanpainAK, hala nola, kontrola edo sextorTsioa.