NOV. 25 2025 Interview Nerea IRAOLA Eiherako kidea «Salto kualitatibo bat eman behar da hezkidetzatik pedagogia feministetara» Ikuspegi feministatik edukiak lantzen dituen Eihera kooperatibako kidea da Nerea Iraola. Pegadogia feministetan formatzaile aritzen da, eta indarkeria matxistaren prebentzioan eta formakuntza feminista eta emakumeen ahalduntzean aditua da. Eiheran gizartearengan hazi feminista ereiten saiatzen da, herriz herri gogoeta piztuz. Jagoba manterola FOKU NAGORE BELASTEGI DONOSTIA Eihera eraldaketa feminista eta LGTBIQ+ prozesu propioak diseinatu, garatu eta ahalbidetzen dituen kooperatiba bat da. Herrietan, gizartean, zuzenean eragiten dute esku-hartzeak eta parte-hartze prozesuak landuz. Hainbat lan ildo dituzte, eta horien artean kokatzen da ikastetxeekin zuzenean egiten dituzten tailerrak. Aurten ikastetxe dezentetan ari dira lanean: Mutrikun, Ordizian, Errenterian, Donostiako Lauaizetan, Hernanin... Eskolak esaten die zein behar ikusten duten, mailaz maila, eta Eiherako kideek maila horietan esku hartzeak egiten dituzte, kooperatibako kide Nerea Iraolak azaldutakoaren arabera (argazkian Unai Ribera ere agertzen da, kooperatibako kidea, Kattalin Miner eta Iñi Etxezarretarekin batera). «DBH4 edo lehenengo batxillergoa izaten da guretzat aberasgarriena, gaztetxoak kontzienteago direlako eta gaiarekiko atxikimendu handiagoa dutelako, edo kontrakoa. Beraien arrazoiketa hobea izaten da», esan du. Izan ere, zenbat eta helduagoak izan, orduan eta kezka eta grina gehiago dituzte. «Adin egokiena bigarren batxillergoko ikasleak badira ere, zaila izaten da haiekin lan egitea, kurtso amaieran azterketa garrantzitsuak dituztelako eta zaila izaten delako tarte bat topatzea». Bi orduko hiru saio egiten dituzte ikastetxeetan. «Lehen saio bakarra egiten genuen, beste lantalde batzuetan egiten dugun bezala -kooperatibetan, adibidez-, baina konturatu ginen nahiko motz gelditzen zela eta nahiago genuela prozesu luzeago bat izatea horrelako gaiak lantzeko, garrantzitsua iruditzen zaigulako konfiantza puntu bat lortzea, eta hortik aurrerakoak», azaldu digu. Normalean lehen saioa klasearen tenperatura hartzeko erabiltzen dute, euren artean konfiantza hartzeko, espazio seguru bat sortzeko eta gela bakoitzean zein giro eta ideiak dauden ikusteko. Bigarren saioan, behin gela nolakoa den ikusita, horren arabera erabakitzen dute saio ez-mistoak proposatzea, bakoitzak bere espazioa izateko. «Egin ohi ditugu saio ez-mistoak, nabaritzen ari garelako generoen polarizazioa gertatzen ari dela. Mundu guztiak ikusiko du hau; batez ere neskek adierazten dute gaiarekiko, hau da, feminismoarekiko atxikimendu estu bat, baina bestalde, badago gizarte osoan hedatzen ari den diskurtso eta jarrera erreakzionario bat, faxismoaren hedapenarekin batera, eta hori normalean mutiletan ikus dezakegu», adierazi du Iraolak. Hirugarren saioan, bigarren saio ez-misto horretan lortutako irakurketa edo ondorioak denek elkarrekin lantzen dituzte. Edukiari dagokionez, saiatzen dira arlo desberdinak lantzen. «Lau ildo izango genituzke: indarkeria matxista; LGTBIfobiaren aurkako prebentzioa; pornoa, desira eta sexualitatea; eta haien arteko harremanak eta sare sozialak. Horrekin guztiarekin hibrido moduko bat egiten dugu eta, lehen esan bezala, eskolaren beharren arabera edo haiek gehien identifikatzen dituzten hutsuneen arabera burutzen ditugu saioak». Horrez gain, irakasleekin ere lanketak egiten dituzte. «Izan ere, pentsatzen dugu salto kualitatibo bat eman behar dela hezkidetzatik pedagogia feministetara, prozesu transbertsal bat eman behar dela. Beti pentsatu izan dugu hezkidetza direla saio edo lanketa puntualak, agenda feministarekin lotutakoak, baina askoz gehiago da irakasleak agente aktiboak direlako gazteen bizitzetan, egunero daudelako haiekin -adierazi du adituak-; beraz, beraiekin hori lantzen dugu eta haien beharrak entzuten ditugu, eta metodologia haien beharretara moldatzen dugu». MUTRIKUKO ESKU HARTZEA Bigarren batxillergoko gaztetxoekin lan egitea denbora faltak zailtzen duen arren, Mutrikun lortu dute eta azaroaren 25erako ekintzak prestatu dituzte. «Aukera eman digute haiekin lanketa hori egiteko eta ekintza zuzenak burutzen ditugu agenda feministarekin lotuta (Azaroaren 25a, Martxoaren 8a, Maiatzaren 17a...). Kasu honetan, antolatu dugun eguna 8.00etan hasiko da, beraiek eskolan sartzean. Material desberdinekin harresi moduko bat egingo dute, eta haiek prestatutako testutxo bat irakurriko dute», azaldu du Iraolak. Egunean zehar ikastetxe osoan zabalduko den mezu bat prestatu dute. Izan ere, klase bat amaitu eta bestea hasi aurretik, txirrinak jotzen du, eta aurreikusita dute tarte horretan, megafoniatik, prestatutako kuña bat entzutea. «Kuña bat da txosnetan eraso bat gertatzen denean jartzen duten abesti moduko hori», argitu du Eiherako kideak. «Horrelako bat grabatu dugu ‘eskola honetan ez da inolako eraso matxistarik onartuko’ leloan oinarrituta». Patioan ere beste ekintza zuzen bat dago antolatua. «Plastikoz egindako pertsonen siluetak prestatu ditugu, eta horietako bakoitzak idatzita izango du Euskal Herrian azken urte honetan eraildako emakumeetako baten izena, gorriz, odola izango balitz bezala. Bakoitzari arrosa bat jarriko zaio eta ke poteak piztuko dira. Hor ere beste testu bat irakurriko da, Azaroaren 25aren harira. Pankartak ere egiten dabiltza eskolan jartzeko», kontatu du. Ikastetxeez gain, herriekin ere lan egiten dute zuzenean. Une honetan Ordizian, Zumaian, Altzon eta Alegian dituzte esku hartze feministak martxan. Era berean, LGTBIQ+ politikak garatzen ari dira Donostian, Orion, Errenterian, Hernanin eta Zumaian. PEDAGOGIAN SAKONTZEN Iraolak aipatutako pedagogia feministen inguruan gogoeta asko egin da Euskal Herrian, eta unibertsitateek horretan formatzeko aukera ematen dute; UEUk “Hezkidetzatik pedagogia feministetara: Euskal Curriculuma iparrorratz” graduondokoa eskaintzen du. UEUko Goi Institutuak prestatzen badu ere, EHUren berezko eskaintzaren parte da. Erdi-presentziala izango da eta lehen saioa abenduan izango da (uztailean amaituko da proiektuen aurkezpenarekin). Irakasleen artean, Eihera kooperatibako kide batzuk daude (Iñi Etxezarretak eta Kattalin Minerrek “Esku-hartzerako bideak eta estrategiak” ikasgaia ematen dute). Graduondoko honek «euskal komunitatearen eta euskal gizartearen premiei erantzuten die» eta graduatu berriei zein DBH, Batxillergo eta Lanbide Heziketako profesionalei zuzenduta dago, euren eguneroko lan-jarduneko beharrei erantzun ahal izateko. Honen xedea da irakasleak formatzea beren jarduna pedagogia feministetatik eta euskal curriculumetik birpentsatzeko, euskal kultura eta curriculuma hezkidetzaren begiradatik eta begirada feministatik elikatzeko, norberaren kontzientzia feminista eraiki eta garatzeko, eta hezkidetza eta pedagogia feministen esparruko eragileak ezagutzeko. «Neskek feminismoarekiko atxikimendu estua adierazten dute, baina badago jarrera erreakzionario bat eta hori mutiletan ikus dezakegu».