NOV. 27 2025 EDITORIALA Zigorgabetasunaren eta gezurraren aitortza eske Autobus batean zintzilik, pankarta bat Donostiako kaleetan: «Hemen ez dago gidaria. Non dago?». Duela 40 urteko galdera da, baina gaurkoa ere izan liteke: non dago justizia? Gidaria Mikel Zabalza orbaizetarra zen, atxilotu, torturatu, desagerrarazi eta hila. Pankarta bera agertu zen atzo, baina autobusen kotxetegitik gabe, Intxaurrondoko kuartelaren paretik abiatuta, Mikel Zabalza bizirik eraman zuten azken lekutik, hain zuzen, jaio zen lekuan barrena igaroko den birari ekin aurretik. 1985eko azaro eta abenduko egun haietan, Mikel Zabalza atxilotu zutenek baino ez zekiten non zegoen; beste inork ez zekien bizirik zegoen ere. Harekin atxilotu zituzten lagunak tormentu hartatik irtendakoan, tortura kontaketa lazgarriak entzun ziren, tartean Zabalzaren neska-lagun Idoia Aierbe zenak jasandako eraso matxistena. Orduan Zabalzaren lankideak agertu ziren salaketaren buruan, eta jendarteak haiekin bat egin zuen. Atzo ere han ziren Donostiako autobusetako langileak, eta haiekin, Mikel Gogoan herri ekimena, Egiari Zor Fundazioa, Euskal Herriko Torturatuen Sarea eta Donostiako Udaleko alderdi gehienetako ordezkariak, egia, justizia eta erreparazioa eskatzeko. Bidegabekeria hari eta beste asko eta askori bide eman zien zigorgabetasuna salatzea helburu, torturaren eta Estatu indarkeriaren larderiaren biktimak ahazteko prest ez dagoen jendarte baten, herri baten, ordezkari. Berrogei urte joan dira, inork ez du gertatuaren inguruko zalantzarik, baina euskal instituzioen aitortza gorabehera, ez dago Estatuaren onarpen ofizialik, eta atzo bertan Madrilgo Kongresuan horretarako borondate falta nabarmena sumatu zen. Espainiar Gobernuko presidentea ez omen da ezeren beldur; izan ere, egia jakin eta onartzeari ez dago zertan beldurrik izan; sekretu ofizialak jakinarazteari bai, ordea? Bihar, Alemaniako estatuburu Frank-Walter Steinmeier Gernikan izango da, erregimen naziaren hegazkinek bertan egin zuten sarraskiagatik barkamena eskatzeko; frankistek «gorriei» egotzi zieten bonbardaketagatik, alegia. Estatu espainolak, aldiz, ez dauka ezer esan beharrik Gobernu ustez demokratiko baten ardurapeko ikaragarrikeria eta gezurrengatik.