DEC. 02 2025 Ernaik Gazte Topagunea Abadiñon egingo du apirilaren 2tik 5era Ernaik datorren urteko Gazte Topagunea Abadiñon egingo du, apirilaren 2tik 5era. Kaleak gazte independentistaz beteko dituzte, «gazte antolakuntzaz gazteentzako» antolatutako ekimenean. Ernaik Abadiñon egindako grafitia. (ERNAI) GARA BILBO Abadiñon egindako grafiti baten bitartez aurkeztu du Ernaik datorren urteko Gazte Topagunea, herri horretan bertan izango dena, apirilaren 2tik 5era bitartean. «Gazte Topagunea ezker abertzaleko gazte antolakundeak euskal gazteria independentistari egiten dion eskaintza da, saretze, politizazio eta aisialdi eskaintza zabalarekin», gogorarazten zuen atzo bidalitako oharrean. «Hiru egunetan, Abadiñoko kaleak gazte independentistaz beteko dituzte, gazte antolakuntzaz gazteentzako antolatutako ekimenean». Horretarako bonuak dagoeneko salgai daudela jakinarazi zuen. Hala ere, Ernaik ez du oraindik egitarauaren gaineko informaziorik eman. Hurrengo hilabeteetan joango dira eskaintzaren ingurukoak plazaratzen. NAFARROATIK BIZKAIRA Iazko Gazte Topagunea Berriozarren ospatu zuten, “Gazteon eskutik independentziara” lelopean. Kontzertuak, hitzaldiak eta mobilizazioak ere antolatu zituen Ernaik. Gazteek Auzitegi Nazional espainolak ezarritako debekuari aurre egin zioten eta kalera atera ziren adierazpen askatasunaren eta presoen eskubideen aldarrikapenaren kontrako «kriminalizazioa» salatzeko. «Argi entzun ezazue: ez duzue lortuko, ez duzue euskal gazteriaren ahotsa isilaraztea lortuko. Eta ez duzue lortuko Topagunearen indarra ezabatzea. Erasoen aurrean aurrerapausoa emango dugu», nabarmendu zuen Berriozarren Amaiur Egurrola Ernaiko eledunak. Musika arloari begiratuta, Berriozarren bildutakoek Biznaga, Olatz Salvador, Naxker, La blackie, Sukena, Euskoprincess, Nogen, Brava, Skabidean, Marte Lasarte, Burutik, Sustrai Berriak, Toc, Herdoil, XSakara eta Zilibito Records taldeen kontzertuak ikusteko aukera izan zuten. Eszenatokian izan ziren Bele, Alaune MRK, Apotheke, Elena Barker, Aimarz, Ganibet, La Furia, La Fulana, Maruxak eta Xaukena Xauk ere. Hizlarien artean, berriz, Arkaitz Rodriguez, Miren Zabaleta, Idurre Eskisabel, Iñigo Ranero, Jule Goikoetxea, Maider Galardi, Lander Garcia eta Ibai Zabala izan ziren. Datozen hilabeteetan emango du Ernaik apirilean Abadiñon egingo den Gazte Topagunearen gaineko informazio gehiago. BONUAK SALGAIBonuak salgai daude dagoeneko Hego Euskal Herriko hiriburuetan eta Durangaldean, baita online bidezkoak ere, Ernaik jakinarazi duenez.